1937an Saibigaingo batailan desagertutako gudari eta miliziano euskaldun eta asturiarrak omendu dituzte gaur. Saibigain 1937 Memoria Historikoaren Elkarteak, Burdin Hesiaren Oroimen Museoagaz eta beste elkarte memorialista batzuekin batera, antolatutako ekitaldian, Asturiasko Printzerriko Gobernuaren ordezkaritza ofizial batek parte hartu du lehenengoz.
Asturiasko Memoria Demokratikorako sailburu Ovidio Zapicok nabarmendu duenez, "Saibigain gerraren gogortasuna sinbolizatzen duen tokia da, baita lubakia partekatu zuten herrien arteko anaitasuna ere. Asturiarrek eta euskaldunek elkarrekin borrokatu zuten estatu-golpe faxistaren aurka, askatasuna eta demokrazia defendatuz". Era berean, eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari Asturiasko milizianoak aurkitzeko Saibigainen egiten ari den lanagatik, "frankismoaren biktimak konpontzen aurrera egiteko ezinbesteko lana".
Urkiolako Santutegitik Saibigain mendirainoko ibilbidea egin dute oinez, eta bertan parte hartu dute Iñigo Urkullu lehendakariak, Bigen Zupiria Segurtasuneko sailburuak, Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako
Presidenteak. Baita Abadiño, Mañaria, Durango, Elorrio eta Garaiko alkateek ere. EAJ, EH Bildu, Podemos Euskadi eta Asturiasko CNT sindikatuko ordezkaritza ere bertaratu da.
Lore eskaintza
Meabe (PSOE), Gonzalez Peña (UGT) eta Arana Goiri (EAJ-PNV) batailoietako gudarien eta euskal milizianoen izenak aipatu dira Saibigainen egindako lore eskaintzan. Salsamendi (PCE), Guillermo Torrijos (UGT) eta Eusko Gudarosteko beste unitate batzuk ere izan dituzte gogoan, baita Victor (CNT) eta Lenin-Taboada (PCE-Juventudes Socialistas Unificadas) batailoietako miliziano asturiarrak ere. 117 arrosa guztira, Saibi mendiaren inguruan desagertutako 117 gazterentzat. Igorre, Dima, Getxo eta Bilbotik bertaratu dira Saibigainen desagertutako gudarien senideak baita Asturiastik Herrialde Katalanetatik eta Bruselatik besteak beste.
"Ez zaituztegu ahaztu"
Armada frankistaren erasoaldian, euskal batailoiek eta asturiarrek hainbat egunez defendatu zituzten Urkiolako mendiak, "etsaien aurrerapena geldiarazteko", Aitor Miñambres ikertzaileak gogoratu duen moduan. Burdin Hesiaren Oroimenezko Museoko zuzendariak azpimarratu duenez, "gertakari garrantzitsuenak hemen izan ziren, Saibigainen. Bi taldeek gailurraren jabetzagatik benetako amorruz, eraso eta kontratakada amaigabeetan borrokatu zuten".
Saibigain 1937 elkarteko presidente Teresa Usaolak gogorarazi duenez, "familia batzuk belaunaldiz belaunaldu jasotako dolu baten zain daude 89 urtez. Nire familian ez zegoen hilobirik. Galdera mingarri bat zegoen: Non dago Felipe? Galdera hori ez da itzaltzen. Belaunaldiz belaunaldi igarotzen da". Hartara, senideen bila jarraituko dutela. "Hemen gure oinpean dauden guztiei eta mendi honetan goian jarraitzen duten guztiei: Ez zaituztegu ahaztu. Zuen bila jarraitzen dugu eta inork eta ezerk ez gaitu geldituko".
Asturiasko ordezkaritza ofizialaren presentzia ere nabarmendu du Usaolak.
(Argazkiak: Mauro Saravia eta Abadiñoko EH Bildu)