Barakaldogaz sinatu zenuenean, itxaroten zenuen 100 partidutara heltzea?
Ba, ez. Heldu nintzenean, "partidurik partidu joan eta ikusiko dugu" pentsatu nuen, eta begira gauzak zelan joan diren! Barakaldo klub historiko bat da Bizkaian, eta bertan horrelako kopurura ailegatzea ez da erraza. Alde horretatik, pozik eta harro nago.
Taldeko jokalaririk beteranoetarikoa zara. Zelan doa denboraldi hau zuretzat?
Partidu guztietan jokatzeko moduan egon naiz eta hori seinale ona da 35 urtegaz. Urteak egin ahala, geroago eta gehiago kostatzen da, eta, arlo horretatik, pozik nago. Beharbada jokatzen nabilen denbora kontuan hartuta, denboraldi ezberdina izaten ari da. Aurten arte oso presente egon naiz hamaikakoan, baina aurten ez nabil hainbeste jokatzen. Beste arlo batzuetan laguntzen ahalegintzen naiz, kapitain legez taldea bultzatzen. Denoi gustatzen zaigu asko jokatzea, baina hori entrenatzailearen erabakia da. Ni pozik nago, fisikoki oso ondo nagoelako. Partidu batera ezin izan nintzen joan, txartel gorri bat ikusi nuelako, nire ibilbideko lehenengoa.
Aurten atera dizute zure ibilbideko lehenengo txartel gorria?
Bai. Gainera VARagaitik atera zidaten; epaileak falta baino ez zuen adierazi. Gero VARean, irudia geratuta, izandakoa baino gehiago dirudi, baina, tira, horrela dira gauzak.
35 urtegaz zelan lortzen da fisikoki mailari eustea?
Asko zaintzen dut neure burua. Beste lan bat daukat, prestatzaile fisikoa naiz, eta asko jorratzen dut arlo hori. Ondo zaintzen ditut entrenamendu estrak, deskantsua, elikadura eta gainerakoak. Esango nuke horixe dela adin honetara fisikoki ondo heltzeko gakoa.
Barakaldogaz bizitako egoera biak zelan gogoratzen dituzu?
Igoera desberdinak izan ziren, testuinguruagaitik. Hirugarren mailatik bigarrenera igotzea apur bat derrigorrezkoa zen. Oso jokalari onak batu ginen, batzuk goragoko kategorietatik etorritakoak. Denboraldia amaitu baino hilabete bi lehenago lortu genuen igoera. Oso denboraldi ona izan zen, baina hasieratik geneukan erantzukizun hori. Gero, egia esanda, ez genuen espero bigarrenez hain segidan igotzea, baina urte borobila irten zitzaigun. Jokalari asko lehengoak ginen eta talde legez oso ondo funtzionatu genuen. Denboraldi biak kontuan hartuta, 49 partidu jarraian galdu barik eman genituen. Beste alde bat honako hau da: lehenengoan zuzenean igo ginen, eta bigarrenean kanporaketa jokatu genuen. Azken igoera horrek beste giro bat bizitzeko aukera eskaini zigun: aurreko egunak, zaleekin hartu-emana, Lasesarre zelaia beteta eta sekulako giroa. Gainera, joanekoan emaitza txarra lortu genuen eta etxean buelta eman genion gero. Itzela izan zen.
Urte hauetan guztietan Iurretan bizi den Imanol de la Sota izan da entrenatzailea. Zelan lagundu du taldearen dinamika aldatzen?
Identitate bat markatu du. Barakaldon eskatzen den gauzetariko bat konpromisoa da, sekula ez etsitzea, eta taldean nortasun hori txertatzea lortu duela esango nuke. Taldeko lorpenen gakoetariko bat horixe izan da.
Zu zeu, Imanol de la Sota… Eskualdeko beste jokalaririk badabil taldean?
Iker Pedernales Durangon bizi da. Bermeotarra da, baina bikotekidea durangarra du eta han bizi da. Imanol Torre abadiñarra ere bazebilen, baina abendutik Sestao taldean dabil.
Aurten, oraingoz, taldea bosgarren dago, play-off postuan.
Ondo gabiltza baina oso kategoria exijentea da eta ez dago konfiatzerik. Iaz ikasi genuen ikasgai hori. Bigarren itzulia bigarren postuan hasi genuen eta gero kostatu egin zitzaigun. Lau-bost talde oso puntu gutxiren barruan gaude eta partidu bakar batean postu dantza handia egon daiteke. Nik modu honetara ikusten dut: jaitsiera 11 puntura dugu eta eta gutxi falta zaigu salbazioa lortzeko. Horixe da klubaren lehenengo helburua. Hortik aurrera, ikusiko dugu zer datorren. Topikoa da, baina partidurik partidu joango gara.
Baduzu buruan erretiroa? Non eta noiz gertatu daitekeen?
Tira, adin batetik aurrera normala da buruan izatea. Hainbat jokalari ikusi dut erretiroa hartzen, eta halakoetan nirea ere geroago eta gertuago ikusten dut. Denek diote futbola uzten denean, nahiz eta gero entrenatzaile jarraitu, ez dela berdina; egunerokotasun horren falta igartzen ei da, taldekideekin entrenamenduak partekatzea eta abar. Baina gaur egun egunerokotasun hori bizitzen nabil, eta futbolaz gozatzen. Denboraldia amaitzean, ikusiko dut zer gertatzen den.
Entrenatzaile izan gura zenuke?
Badaukat entrenatzaile titulua eta aukera bat da. Kapitain izateak badu zerikusia rol horregaz, eta nire ibilbidean tokatu izan zait hori bizitzea. Baina, tira, orain futbolagaz gozatzen nabil, zentratuta, eta baita prestatzaile fisiko legez ere. Batek daki etorkizunak zer dakarren.
