Durangaldeko Txistulari Egunaren 70. urteurrena ospatu dute gaur Abadiñon

Anboto 2026ko martxoaren 15a

Jaizale txistulari elkarteak antolatuta, Durangaldeko Txistulari Egunaren 70. urteurrena ospatu dute gaur Abadiñon, eskualdeko lehenengo txistulari eguna egin zen herrian bertan. Orduan sasoian, Alejandro Aldekoa txistulari berriztarraren ikasle bati -Juan Lasuen zaldibartarrari- egun hori urtero ospatzea bururatu zitzaion, Durangaldeko txistulariak batzeko eta txistu zaletasuna indartzeko asmoz, eta harrezkero urte bakoitzean herri batek hartu du lekukoa.

Goizean, talde bitan banatuta, txistulariek kalejira bana egin dute Traña-Matiena eta Zelaieta auzoetan. Gero, azken entseguaren ondoren, kontzertua eman dute Zelaietako probalekuan, Eleder Iturrieta txistulari durangarraren zuzendaritzapean. 70 bat musikari elkartu dira guztira: Durangaldeko txistulariak, Abadiñoko abesbatza, Zornotzako Udaberri taldeko gaiteroak, Iñaki Leibar trikitilaria, Alex Agirrebeitia pianista, Bartolome Ertzilla musika eskolako txistulariak, metal seikotea eta Abadiñoko Talde Batuak taldeko dantzariak.

Kontzertuan bertan Iñaki Imaz eta Josu Arkarazo txistulari abadiñar beteranoak omendu dituzte, euren txistulari ibilbide luze eta opariagaitik eskerrak emateko.

Kontzertuaren ondoren, ohikoa duten moduan, herriko txistularietariko bik erregelak dantzatu dituzte; Mikel Azkarragak aurreskua eta Miriam Uriak atzeskua.

Hirurak aldera denek elkarregaz bazkaldu dute probalekuan.

Dagoeneko Jaizale txistulari elkartea hasi da datorren urteko ekitaldia prestatzen. Behintzat zein herritan egin pentsatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!