Abadiñoko EAJk Zelaietako eta Matienako frontoietako estalkiak konpontzeko eskatu dio udal gobernu taldeari

A. M. 2026ko martxoaren 13a

Alderdi jeltzaleak, ohar baten bidez, azken urteetan arazoak dituzten Zelaietako eta Matienako frontoietako estalkiak konpontzeko eskatu die, beste behin. "Zelaietako eta Matienako udal frontoietako estalkiak berritzeko aurreikuspenari eta egoerari buruzko erantzun argia eskatzen diogu EH Bilduk eta AIBk osatzen duten gobernu taldeari", azaldu dute. "Alderdi jeltzaleak gogorarazi du behin baino gehiagotan adierazi duela arazo hau, 2024a, 2025ean eta azkenekoz 2026ko otsailean, eta orain arte ez da azaldu noiz jardungo den, eta bi kirol guneetarako zein irtenbide planteatzen den ere". 

Bi estalkien aintzinatasuna ere nabarmendu dute. "Kezka handiagotzen da bi estalkien antzinatasuna kontutan hartuta. Zelaietako frontoiarena 1974koa da ta Matienakoa 1985koa. Beraz, azpiegitura zaharrak dira, lehenago ere arazoak izan dituztenak. Gainera, amiantoa duten fibrozementuzko plakez osatuta egon daitezke". Honenbestez, udalari arazoari "berehala" erantzuteko eskatu dio alderdi jeltzaleak. "Ezin dugu abadiñarren segurtasuna alboratu, ezta urteak daramatzan arazo baten aurrean beste aldera begiratzen jarraitu ere". 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!