Abadiño Sokatira Taldea Taiwanen da munduko txapelketan parte hartzeko

Joseba Derteano 2026ko martxoaren 10a

Abadiño Sokatira Taldeko tiralariak Taiwaneko aireportu batean.

Eguenetik domekara bitartean hainbat pisutan lehiatuko dute. 

Abadiño Sokatira Taldeko tiralariak munduaren beste puntan daude egunotan. Izan ere, eguenetik aurrera Munduko Sokatira Txapelketan parte hartuko dute Taipein, Taiwaneko hiriburuan. Euskal taldeez gainera, Herbehereetako, Erresuma Batuko, Italiako, Ukrainako, Tailandiako, Hong Kongeko eta Ameriketako Estatu Batuetako taldeek parte hartuko dute txapelketan, besteak beste. 

Eguenean eta barikuan, gizonak 560 eta 600 kilora artekoan lehiatuko dira. 560koan dominen borrokan ibiltzea dute helburu. Emakumeak, berriz, 500 eta 540 kilora artekoan arituko dira. 

Zapatuan eta domekan, Euskal Selekzioa ordezkatuz arituko dira Abadiñoko hainbat tiralari 560 eta 600 kirola artekoan. Domekan 23 urtez azpiko emakumeen txanda ere izango da. 

"Ilusio handiz" daudela dio Martxel Azkorbebeitiak, Abadiño Sokatira Taldeko kideak. "Ondo lehiatzea, esperientzia bizitzea eta ahalik gehien ikastea" izango dituzte helburu. 22 urte besterik ez dituen arren, Azkorbebeitiak bederatzigarren bider parte hartuko du munduko txapelketa batean, goma eta lurra kontuan hartuta. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!