Abadiñon iazko ekainean jarri ziren martxan ortu publikoak, eta udalak positiboki baloratzen du orain arteko ibilbidea: "Proiektu honek aukera ematen die bizilagunei kontsumo pertsonalerako barazkiak eta fruituak lortzeko, bizi ohitura osasungarriak eta ingurumenarekiko errespetua sustatuz. Horrez gainera, herri kohesiorako elementu oso garrantzitsua da, izan ere, adin eta auzo desberdinetako pertsonak biltzen dira, eta elkar ezagutzen eta zaintzen dute", azaldu dute udaletik ohar bidez. Hilabateko hamar euroren truke, 50 metro koadro inguruko lurzatiak eskaintzen ditu udalak; ortuak lantzeko baliabide materialak eta lanabesak udalak jarriko ditu. Ur bolumenaren erabileraren araberako ordainketa eta 100 euroko fidantza ere ordaindu beharko dituzte interesa dutenek.
Eremuen esleipenen berri iragarki taulen eta Abadiñoko Udalaren webgunearen bidez emango da.