Martxoak 8

"Marraztea 'femeninotzat' hartu izan da eta 'zientzia gogorra' gizonentzat uzten zen"

Joseba Derteano 2026ko otsailaren 27a

Vega Asensiok (Durango, Abadiñon bizi da, 1978) biologiako irakasle lana utzi eta amatasunari lehentasuna ematea erabaki zuen bere bizitzako une batean. Aldaketa horrek ilustrazio zientifikoaren atea zabaldu zion, edo, hobeto esanda, berak zabaldu zuen atea. Gaur egun Norarte Visual Science enpresan dabil lanean. Ilustrazio zientifikoaren bitartez, zientzia komunikatzeko modu berriak eraiki ditu.

Zelan ezagutu zenuen ilustrazio zientifikoaren mundua?
Nik beti marraztu izan dut, beti gustatu izan zait marraztea. Gainera, oso irakasle maitagarria izan nuen, Jaime Vicario durangarra. Hainbat urtean ikasi nuen beragaz. Berak erakutsi zidan zelan ikusi, zelan begiratu, marrazteko. Hobby bat zen. Gero, masterra egitea mugarri bat izan zen niretzat. Hau da, orduan konturatu nintzen ilustrazio zientifikoa existitzen zela. Herpetologia maisua taxonomoa zen. Klasean musker desberdin biren irudiak ipini zizkigun eta esan zigun: "Igartzen duzue ilustratzailearen lana?". Orduan jabetu nintzen ilustrazio haien atzean pertsona bat zegoela. Xehetasun haiek guztiak ikusita, harrituta geratu nintzen. Irakasle hark kapitulu batzuk idatzi behar zituen liburu baterako, eta haietarako ilustrazioak egitea eskaini zidan. Hainbat fosil, dinosauro… marraztu nion. Horixe izan zen nire lehenengo lana. Apurka geroago eta interes handiagoa nuen diseinu grafikoagazko, datuen bistaratzea... azken batean, hori ere bada ilustrazioa: zelan ilustratzen dituzun datuak. 

Zelan bihurtu zen ilustrazio zientifikoa zure ogibide?
Nire asmoa postdoc bat eskatzea zen, Cardiffen, baina ez zidaten beka eman. Kontua atzeratzen zebilen, denbora aurrera zihoan eta familia izan gura genuen. Orduan, senarrak eta biok familiaren aldeko apustua egitea erabaki genuen. Tesia zazpi hilabeteko haurdun nengoela irakurri nuen. Umea izan eta gero, Euskal Herriko Unibertsitatera biologia zelularreko klaseak ematera bueltatzea zen nire asmoa. Oso gustura nengoen lantaldean, ikerketa egiten. Baina umea etorri zen eta ezin izan nintzen bueltatu. 

Zergaitik ez zinen bueltatu?
Zientzia oso exijentea da eta nik ere horrela hartzen dut. Ikusten nuen ezin nintzela bueltatu nik gura nuen moduan. Gainera, kontziliazioaren arloan oraindino ere badago zer hobetu unibertsitatean, baina garai hartan ikusten zen exijentzia osoan bueltatu behar nuela. Jakina, bateratzea lortu duen ama asko dago unibertsitatean, bazeuden nire garaian ere, baina ni ez nintzen gai izan. Egia esanda, beste pasio hori ere baneukan, ilustrazio zientifikoarena, oso ondo uztartu zitekeena amatasunagaz. Azken batean, etxean zaude eta gauzak ahal duzun neurrian egiten dituzu. Orduan, Norarte Visual Science, diseinu grafiko zientifikoan eta ilustrazio zientifikoan espezialista den enpresa sortu nuen. 

Zeintzuk izan ziren abentura berri honetako erronka nagusiak?
Erronka asko zegoen. Norarte izenak ere horixe adierazten zuen: "Noraino helduko naiz ni honegaz?". Zoramena zen; hau da, ez nuen ilustratzaile zientifikorik ezagutzen. Mundu honetan ez nekien askorik, baina gogotsu nengoen, aurrera egiteko determinazioagaz. Ilustratzaile zientifikoen beharrizana bazegoela ikusten nuen. Unibertsitatean zertan nenbilen esaten nuenean, "Zer da hori?" galdetzen zidaten. Izan ere, zientzialariak hain gaude ohituta dena guk egitera ze, ez zekitela kanpoan bazegoela jendea lagundu ahal ziena. 

Zelan hezi zenuen zeure burua jardunbide berrirako?
Erreferente bat ezagutzea zen lehenengo eginbeharrekoa, eta, inor izatekotan, Carles Puche katalana da erreferente nagusia estatuan. Bere ikastaro batera joan nintzen, Valentziara, eta han ezagutu nuen. Beragaz egotea garrantzitsua izan zen, mundu hau zelan ikusten zuen jakiteko. Izan ere, natura, marrazketa eta zientzia gustuko dituen jende asko dago, baina ilustrazio zientifikoak diziplina horiek gorputz berri batean artikulatzea eskatzen du, hau da, lan transbertsala da.

Zientzia utzi eta amatasuna erdigunean jartzeko hautua egin zenuen, genero-arrakalak bultzatuta. Orain, ilustratzaile zientifiko autonomo legez, mundu horretan ere egiturazko oztopo berdinak aurkitu dituzu?
Gai hau oso sakona da eta hurbiletik hasi gura dut. Ilustrazio zientifikoan nire erreferenteak bilatzen hasi nintzenean, izen guztiak gizonenak ziren. Euskal Herrian Iñaki Zorrakin (Santurtzikoa baina Elorrion bizi zena, 1961-2004), Angel Dominguez (hura ere hilda dago), Conrado Tejado edo Fernando Baptista izan ditugu; ezagutu nuen lehenengo emakumea, Beatriz Alonso, nire adintsukoa da. Espainiako estatuan ere izen handiak gizonenak dira: Puchet bera, edo Mauricio Antón eta Eduardo Saiz. Salbuespen bakarra Marta Chirino (Madril, 1963) da, eta bitxia da: berak lortu du gizonek lortu ez duten The Royal Horticultural Society-ko urrezko domina. Beste emakume guztiek nire adina dute edo gazteagoak dira. 

Ez dago emakumerik, baina ez egon ez delako, ezkutatu egin dituztelako baino. Historian zehar emakume asko egon da, garai guztietan; besteak beste, Maria Sibylla Merian (Alemania, 1647-1717), Mary Anning (Britainia Handia, 1799-1847), Beatrix Potter (Britainia Handia, 1866-1943), Paula Millán Alosete (Madril, 1899-1979) eta Marie Tharp (AEB, 1920-2006)... baina ikertzaileei eskerrak ezagutzen ditugu orain, historia liburuek baztertu egin zituztelako. Askok pseudonimoa erabiltzen zuten, beste batzuk ezkondu eta lan egiteari uko egin zioten.

Gaur egun zein da joera?
Gaur egun paradoxa bat bizi dugu. Nik koordinatu dudan masterrean, azken zazpi promozioetan igaro diren ikasleen %81 emakumeak dira. Zergaitik? Lanbide sesgatua delako. Marraztea 'femeninotzat' hartu izan da beti, eta, aldi berean, 'zientzia gogorra' gizonentzat uzten zen. Esango nuke horregaitik gizonezko gutxiagok hautatzen dutela ilustrazio zientifikoaren bidea.

Baina begira zer gertatzen den: irakasleak aukeratzerakoan, sekulako ahalegina egiten dugu parekidetasuna lortzeko, baina askotan ez dugu lortzen, eta gizonak ekartzen jarraitzen dugu. Zergaitik? Gu geu ere egoera honen preso gaudelako: gaur egun 20-30 urteko esperientzia duten profesionalak gizonak dira, haiek izan dutelako bide hori egiteko aukera. Emakumeok berriro ere bidean galdu gara, amatasunagaitik edo prekaritateagaitik, eta arrakasta lortzen dutenak gizonezkoak dira.

Zelan baloratzen duzu orain arte egin duzun bidea?
Zientzia utzi eta ilustraziora salto egin nuenean, genero-alborapen horren biktima izan nintzen. Harro nago egiten dudanaz: zientzia ikusgarri egiten dut, dibulgatzaileei laguntzen diet, eta politikariei erabakiak hartzen laguntzen diet zientzia hobeto ulertarazita. Sekulako masterra koordinatu dut, Espainiako estatuan inoiz parekorik izan ez duena, eta pertsona askori leiho berri bat zabaldu diet.

Nire harea-alea ipini dut mundu honetan, baina nire konpromisoa finkoa da orain: hemen jarraituko dut eta nire lana eta nire figura hurrengo belaunaldientzat erreferente izan dadin ahaleginduko naiz, esperientzia duten beste irakasle emakumeena legez, datozen belaunaldien irakasleak gizonezkoak bakarrik izan ez daitezen. Hona heldu naiz gizarte hau herren dagoelako, eta bidea berdintzen ahaleginduko naiz.

Aitzindaria izan zara ilustrazio zientifikoko masterra sortzen. Zelan sortu zen ideia?
Lagun ikertzaile batek gomendatuta, Fernando Baptistaren berbaldi batera joan nintzen. Sekulako ilustratzaile zientifikoa da, National Geographicentzat lan egiten duena. Ez nekien nor zen, eta beste askok ere ez. Beragaz berbaldi bat egitea bururatu zitzaidan. EHUra jo nuen eta baietz esan zidaten. Hitzaldia arrakastatsua izan zen eta aretoa bete egin zen. Zientzia adarreko zein Arte Ederretako jendea batu zen eta Fernando Baptistaren bitartez ilustrazio zientifikoa ate handitik sartu zen unibertsitatera. Gerora, masterraren ideia proposatu eta baietz esan zidaten. Jende askoren lanari eskerrak irten zen aurrera. 2017tik 2025era iraun zuen eta 100 bat ikaslek parte hartu dute, guztira. Gaur egun ilustratzaile zientifiko profesionalak direnak irten dira masterretik. Oso harro gaude. Uste dugu oso formakuntza ona eman dugula.

Durangaldeko Artisten Elkarteko presidentea ere bazara.
Bai. Lantalde ederra dugu eta gustura nabil. Herriarentzat gauza on asko egiten duen elkartea da: erakusketak, lehiaketak, umeei begirako ekintzak eta abar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!