Etxebizitza Plana lantzeko prozesua aurkeztuko du Abadiñoko Udalak

Aritz Maldonado 2026ko otsailaren 23a

MIkel Urrutia alkatea, Edurne Maguregi alkateordea eta Ander Zangitu arkitektoa.

Abadiñoko Udalak "erantzun integrala" eman gura dio etxebizitzaren inguruko kezka orokorrari. "Etxebizitzaren arloan dauden erronka eta beharrizan nagusiei modu integralean, koordinatuan eta errealistan erantzuteko helbururarekin Etxebizitza Plana egiteko prozesua abiatu dugu", azaldu du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak. Udalak, herritarrei zuzendutako aurkezpen saioa antolatu du; otsailaren 25ean izango da, 18:30ean, Txanporta kultur etxean. Informazioa emateaz gainera, herritarren beharrak, kezkak eta proposamenak jasotzeko baliagarria izango da. 

Saioan Ander Zangitu Hiritik at kooperatibako arkitektuak parte hartuko du. "Herritarren beharrizanetara egokitu behar dira erakundeak. Planaren ardatza herritarrekin batera egindako diagnosiak izan behar du, beti ere. Metabolismo demografikoaren azterketak agerian utzi du Abadiñok datozen urteetarako etxebizitza politika eguneratu eta bateratu baten beharra duela", azaldu du Zangituk. Urrutiak azaldutako datuen arabera, 2016-2024 urteen artean %17'2 igo da alokairua Abadiñon, eta 640 euro ordaintzen dituzte bataz beste abadiñarrek; salmentari dagokionez, %23 igo dira prezioak. Gauzak horrela, etxebizitza plana sei hilabeteko epean garatzeko asmoa agertu dute prentsaurrekoan, eta lau fase izango dituela iragarri dute. "Sinetsita gaude hartu ditugun neurriek lagundu egin dezaketela gure heriko etxebizitza arazoa konpontzen eta aurrera begira aldaketa hori sakontzen jarraitu nahi dugu, erronka eta beharrizan nagusiei modu integral, koordinatu eta errealistan erantzuteko", gehitu du Edurne Maguregi Abadiñoko alkate ordeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!