"Inauterietan Abadiñoren loratzea ospatuko dugu"

Aitziber Basauri 2026ko otsailaren 13a

Lurraren iratzartzea, loratzea, ospatuko dute Abadiñon asteburuan. Anbotoko Damaren deiari erantzunez, mitiñoek jentilak esnatuko dituzte, elkarregaz Kokomarro eta kokilak herritik kanporatzeko. Inauteria ospatzeko, arropa zaharrak eta 'inua' koloretsua janztera deitu dituzte abadiñarrak. Gontzal Royuela eta Amaia Azkarate kalera irtengo diren mitiñoetariko bi dira. Abestia eta dantza ere sortu dute.

Non dute jatorria mitiñoek?
Amaia Azkarate: Inauteriari norabide berri bat emateko gogoa genuen. Inauteria kritikarako eta adar-joka aritzeko baliatu izan da. Baina azken urteetan zentzua galdu duela uste dugu. Bakoitzak bere mozorroa jantzita, bere kabuz ospatu du eta kontsumismora bideratutako jai bihurtu da apur bat.
Gontzal Royuela: Ikertzen hasi ginen eta jakin genuen Abadiñon Kokomarro egon zala; inauterietan, trapu zaharrekin eta aurpegia estalita sustoa ematera irteten zen pertsona bat zen. Horri testuinguru bat emateko, eta euskal mitologiak Durangaldean duen indarra baliatuta, kondaira bat sortu dugu; Urkiolan hain errotuta dauden jentilak eta gu denok babesten gaituen Anbotoko Dama agertzen dira bertan. Mitiñoak jentilak esnatu eta Kokomarro maltzurrari aurre egiten dioten herritarrak dira.

Zer dio kondairak?
A. A.: Abadiñon hainbat izaki bizi zen, Kokomarro eta kokilak –bere laguntzaileak– heldu ziren arte. Kokomarrok eta kokilek inguruko mendi eta lur guztiak sutsitu zituzten, eta abadiñar askok ihes egin zuten. Baina jentilak bertan geratu ziren, ezkutatuta, Kokomarrok noiz alde egingo. Hainbeste itxaron zuten ze, harri bihurtu ziren.
G. R.: Abadiñoren eta pertsonaia horien loratzea ospatuko dugu zapatuan. Mitiñoak Anbotoko Damagaz elkartuko gara plazan, bakoitzak harriak dituela eskuan. Harriak elkar jota, jentilak eta lurra esnatzeko errituala egin, eta denok kalejiran irtengo gara Kokomarroren bila. Behin harrapatuta, plazara ekarri eta herritik kanporatzeko dantza egingo dugu. Kokomarro Gaztetxean gordeko dugu, martitzenean erre arte.
A. A.: Urteko gauza txar guztiak erreko ditugu Kokomarrogaz batera. Jaia kritika egiteko ere baliatu gura dugu.

Azken urteetan inauterien loraldia izaten ari dela uste duzue?
A. A.: Bai. Beharrezkoa zela uste dut, noraezean zihoazelako, kontsumismoak aurrean eramanda. Inauteriei zentzu bat eman behar zaiela uste dut.

Zelako harrera izan duzue herrian?
G.R.: Oso ona! Aurkezpenera jende asko etorri zen eta abestia eta dantza ikasteko prest daude. 
A. A.: Lana errazteko, 'inuak' prestatu ditugu eta denak saldu ditugu. Uste baino harrera hobea izan dugu.

Datorren urtean ere bueltatuko dira?
G.R.: Urteko ohitura bihurtzea eta errotzea gura dugu, eta herritarrek parte hartzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!