Alokairu publikoko 84 etxebizitza eraikitzeko hitzarmena Abadiñon

M.Z. 2026ko otsailaren 10a

Abadiñoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak sinatutako hitzarmen bati esker Muntsaratzen alokairu publikoko 84 etxebizitza egingo dituzte. Gobernu taldearen hitzetan "akordioa aurrerapauso handia" da. 

Abadiñoko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak Muntsaratzen alokairu publikoko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmenaren gaineko zehaztasunak adostu zituzten joan zen astean. Udaletik jakitera eman dutenez, Muntsaratzen SR-3 ea SR-4 partzeletan etxebizitza publikoak eraikitzea ahalbidetuko du hitzarmenak.  "Abadiñoko Udalak konpromisoa hartzen du SR-3 lurzatiaren jabari osoa Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailari lagatzeko, doan eta inolako kargarik gabe, eta, trukean, Abadiñon erroldatutako herritarrek lehentasuna izango dute", azaldu dute gobernu taldetik.                

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ondorengo konpromisoak hartu dituela azaldu dute: bizitegi-blokeekn oinarrizko proiektua eta exekuzio-proiektua kontratatzea eta idaztea, eraikuntzari lotutako urbanizazioa barne; zuzendaritza fakultatiboa eta bizitegi-blokeak eraikitzeko obra kontratatzea; eta bizitegi-blokeak eraikitzeko obra eta eraikuntzari lotutako urbanizazioa gauzatzea. 

Etxebizitzen esleipenari dagokionez, esleitzeko araudian adierazitako esleipen-prozedura eta kupo-erreserbak errespetatuko direla azaldu dute. Gainera, lehentasuna Abadiñoko herritarrek izango dutela, baldin eta azken 10 urteetan gutxienez 3 urtez jarraian Abadiñon erroldatuta egon badira, edo bost urtez jarraian erroldatuta egon badira. Horrez gain, beharrezkoa izango da Etxebiden izena emanda egotea; izan ere, izen-emateak antzinatasuanren arabera puntuatuko dira.

"Akordio hau aurrerapauso handia da udalerrian alokairuko etxebizitza babestuen eskaintza zabaltzeko eta herritarren kezka nagusienetakoa bati irtebidea emateko", gaineratu dute gobernu taldetik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!