Munduko Txapelketan parte hartuko duten moztaileak aurkeztu dituzte Abadiñon

Anboto 2026ko otsailaren 4a

San Blas egunez egin zuten aurkezpena, Abadiñoko probalekuan. 

Euskal Herriko moztaileak martxoaren 4tik 7ra Mastertonen, Zeelanda Berrian, ospatuko den munduko txapelketan lehiatuko dira lehen aldiz. Mugarri historikoa izango da Euskal Herria munduko 28 herrialderekin batera lehian izatea. 

“Duela bi urte, moztaile soil batzuk besterik ez ginen. Gaur egun, hazten ari den moztaile familia bat gara. Nazioarteko aitortza ofiziala jaso dugu Euskal Herri osoaren izenean Orain, munduko txapelketan lehiatuko gara lehen aldiz Euskal Herri osoaren izenean”, adierazi zuten atzo Abadiñon egindako aurkezpenean selekzioko kirolariek.

Euskal Herriko selekzioa 2025eko nazioarteko zirkuituko eta Abadiñon egindako Euskal Herriko txapelketako emaitzek erabaki dute. Hori horrela, lehenengoz munduko txapelketan parte hartuko duen Euskal Herriko selekzioa makinazko bi moztailek – Mikel Etxebarria (Dima, Bizkaia) eta Joseba Ugalde (Lezama, Bizkaia) –, guraizezko bi moztailek – Ipar Arrinda (Lekeitio, Bizkaia) eta Josu Ekisoain (Ibiriku, Nafarroa) – , bi artilarik – Janire Artabe (Dima, Bizkaia) eta Mikel Velasco (Arrasate, Gipuzkoa) – eta taldeburuak – Joseba Attard (Bedarona, Bizkaia) – osatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!