Euskadiko Podemos alderdiko ordezkaritza bat sanblasetan egon da gaur baserritarrak eta tokiko ekoizleak babesten. Bisitan Leticia Jiménez Euskadiko Podemoseko Antolakuntzako arduradunak, Eneritz de Madariaga Bizkaiko Batzar Nagusietako bozeramaileak eta Alfonso Arroyo Abadiñoko bozeramaileak parte hartu dute. Goizean zehar, ordezkariak postuak bisitatzen eta ekoizleekin berbetan egon dira. Arroyoren berbetan, “San Blas azoka erakusleiho funtsezkoa da. Kalitate- eta hurbiltasun-irizpideekin ekoizten dutenei babesa ematea udalerriarentzat eredu ekonomiko bidezkoago eta jasangarriago baten alde egitea da”.
Animalien ongizatea
Lehen sektoreari babesa ematearekin batera, Podemosek animalien tratu txarren aurkako jarrera berretsi du. Aurten idi-probarik egiten ez den arren, alderdiak gogorarazi du jai-jarduerek animalien ongizatearekin bateragarriak izan behar dutela.
Ildo horretan, Arroyok animaliei sufrimendua eragiten duten praktikak kritikatu ditu: “Animalia bati tratu txarra ematea ez da dibertigarria, eta ezin da kulturatzat jo. Tradizioek gizartearekin batera eboluzionatu behar dute”. Bozeramaileak "ausardia" eskatu die erakundeei, alferrikako sufrimendurik eragiten ez duten eta egungo balioekin bat datozen jai-ereduen alde egin dezaten.
Azkenik, Podemosek azpimarratu du posible dela landa-munduaren defentsa eta animaliekiko errespetua batzea.