Iaz izan zenuten lehenengo esperientzia San Blas azokan. Zelan bizi izan zenuten?
Joseba Solozabal: Egia esanda, oso ondo. Asko saldu genuen, eta bizkor gainera. San Blas azoka oso ona da saltzeko. Beldur apur bategaz joan ginen, postu asko egoten delako, baina jende asko ibiltzen da. San Blas azoka handia da, eta, gainera, jendea erostera joaten da. Generoa eraman eta saldu egiten da eta hori garrantzitsua da.
Aurten zein itxaropenagaz zoazte?
J.S.: Apur bat beldurrez egon gara behi eta idien kontuagaz. Idi probarik ere ez da egongo. Hala ere, zaldiak eta behorrak egongo dira, baita ardi txakurren txapelketa berri bat ere. Eguraldiak laguntzen badu, jendea joatera animatuko dela esango nuke. San Blas San Blas da, eta beste ekintza batzuk egongo direnez, jendea etorriko da.
Zer eskainiko duzue?
Eneritz Lapazaran: Hiru-lau ogi mota eramango ditugu. Horrez gainera, gure espezialitateetako bat diren palmerak egongo dira: hostorezkoak eta txokolatezkoak. Iaz oso ondo saldu genituen. Jakina, sanblasak ere izango ditugu, eta euskal pastela ere bai. Kantitateari dagokionez, ezin dugu askoz gehiago eraman; azken finean, lagun bi gara eta obradore txiki bat daukagu. Ahal duguna saltzen dugu eta horregaz pozik gaude.
Azoka baliagarria da bezero berriak egiteko?
E.L.: Bai. Guk etxean bertan saltzen dugu apur bat, baina gehiena denda txikietan banatzen dugu. Orduan, beti ez dugu jakiten nork erosten duen gure ogia. Azoka erakustoki ona da: aurpegia ipintzen diezu bezeroei, eta jende berriak ere ezagutzen zaitu. Durangaldean, norbera ezagutzera emateko eta proba berriak egiteko ere balio du. Ez da bakarrik saltzea; zure izena eta produktuak erakustea ere garrantzitsua da.
Zelan doa zuen negozioa? Pozik zaudete?
J.S.: Pozik gabiltza. Gurea ez da enpresa handi bat, familiako negozio txiki bat baino, pertsona biren artean daramaguna. Baserrirako diru iturri bat da, azken batean. Durangaldeko hainbat denda txikitan saltzen dugu, Atxondon, Elorrion, Abadiñon eta Durangon. Elgetan ere saltzen dugu. Jendeak harrera ona egin digu eta pozik gaude. Gazteei esan gura diet baserrian badagoela etorkizuna lan egin gura duenarentzat. Ideia bat eta lanerako borondatea badituzte, probatzera animatzen ditut. Jendeak baloratzen duen lana da, eta saltzen da.