Durangaldeko Aroa Blanco eta Maite Lopez dira Euskaldungak laneko protagonistak. Bata euskaldun zaharra da, bestea euskaldun berria. Umorea eta gertutasuna ardatz hartuta, antzezlanak euskararen inguruko eguneroko bizipenak eta kontraesanak oholtzaratzen ditu. Euren arteko elkarrizketetatik abiatuta, hizkuntzagaz duten hartu-emana aztertuko dute. Barrearen bitartez, euskaraz bizitzeari buruzko galderak mahaigaineratuko dituzte. Blancok eta Lopezek urteak daramatzate elkarregaz lanean, eta, kasu honetan, elkarregaz egin dute obraren prozesu osoa, hasi eta amaitu. "Elkarregaz zeozer serioa egiteko gogoa genuen aspalditik", azaldu zuten aurkezpenean. Patricia Urrutiaren kanpo begirada eta laguntza izan zuten obra estreinatu aurretik.
Besteak beste, Durangon, Zornotzan, Gernikan eta Galdakaon plazaratu dute antzezlana. Orain Abadiñon izango dute emanaldia, Txanporta kultur etxean, gaur, 19:00etan.