"Hogei bat urte daramatzagu joaten", azaldu du Julian Etxeberria lagun taldeko kideak. "2006 bueltan hasi ginen, gutariko batek 'Zergaitik ez gara Eibartik Abadiñoko sanblasetara oinez joaten?' galdetu zuenean. Izan ere, kuadrillako kide batzuek Abadiño bueltako tailerretan lan egiten zuten, eta behin jubilazioa hartuta aukera ederra ikusi genuen lehen egin ezin genuena egiteko: sanblasetako feriaz gozatzeko", esan du eibartarrak.
Hasierako urteetan mendirik mendi egiten zuten Eibartik Abadiñorako bidea. "Baina azken urteetan errepide ondotik egiten dugu: Zaldibar, Berriz, Abadiñoko Lebario auzoa eta Zelaieta", zehaztu du Etxeberriak. Edozelan ere, behin Ferialekura eta Txanportara ailegatuta, argia izaten da kuadrillaren plana: "Hamaiketakoa egiten dugu lehenengo: taloa, salda eta txikito pare bat. Gero, feria ikustera joaten gara. Eta Abadiñoko tabernak jendez beterik egoten direnez, Durangora joaten gara, oinez, han bazkaltzera. Azkenik, trenez bueltatzen gara etxera", argitu du.
Abadiñoko azoka jendetsuaz gainera, Etxeberriak gogorarazi du Eibarren ere tradizio handia dagoela San Blas egunaz gozatzeko. San Blas opila da horren lekuko, gozo horrek Eibar eta Debabarrena eskualdean du jatorria eta. "San Blasen bueltako bazkarietan eta afarietan ezin da opilik falta postrerako. Ederra da kafesnetan bustita hartzeko!", adierazi du Etxeberriak.
Krabelin taldea
Lagun taldeko kideek mendia dute pasio, eta astero-astero egiten dute hitzordua handik-hemendik mendi bueltaren bat egiteko. "Hasieran bi edo hiru batzen ginen, baina urteak igaro ahala jendea jubilatzen hasi zen, eta gaur egun hogei bat lagun batzen gara irteeretan", azaldu du Etxeberriak. Taldearen izena ere apropos-aproposa dute: Krabelin. Eibar gaineko eta Arrate ondoko mendi muinoaren omenez. Besteak beste, 2022an Euskal Herriko 200 mendirik ederrenen katalogoa aurkeztu zuten, tontor bakoitzera igotzeko ibilbideak, track pistak eta argazkiak zehaztuta.