Zenbait nobedade izango diren arren, San Blas eguneko protagonista nagusienetarikoa eta bihotza azoka bera izaten da eta izango da; bertan, 130 ekoizle eta 110 abelburu batuko dira. Urtero lez, trinkete inguruan nekazaritzako postuak egongo dira, Ferialekuan artisautzakoak eta Gaztañodin makineria, besteak beste.
Jaurlaritzako debekuak eragin handiena ganadu azokan izango du. Aurten zaldiak, ardiak eta astoak egongo dira, besteak beste. Baita, zaldi arabiarrak eta angloarabiarrak ere. "Gainera, Abadiñora bertaratzen direnek zaldi bat nola perratzen den ikusteko aukera izango dute", azaldu du Edurne Maguregi alkateordeak.
Dastaketa eta erakusketa
Nobedadeen artean hainbat egongo dira. Alde batetik Euskal Herriko gazta desberdinen dastaketa egongo da. Hiru pase egongo dira: 10:30ean, 12:00etan eta 13:00etan. Dastaketarako aurrez izena eman beharko da.
Bestetik, artzai txakur erakusketa egongo da. Erakusketa 11:00etan hasiko da jubilatuen tabernaren aurreko landan. Bertan, Carlos Ardanzak, Kepa Ardanzak, Aitor Urienek, Jose Miguel Etxebarriak eta Jose Angel Azkorbebeitiak parte hartuko dute.
Probalekuko zitak
Azoka guneaz gain, Probalekua ere puntu inportante bilakatzen da otsailaren 3an. Hemen ere hainbat nobedade egongo dira. 12:00etan esaterako, Aizkolarien I. San Blas kopa jokatuko da. Bertan, Euskal Herriko puntako aizkolariak batuko dira: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV, Hodei Ezpeleta Bihurri, Oihana Fernandez de Barrena, Uxue Ansorregi eta Irati Astondoa. Horrez gain, harri jasotze erakustaldia egongo da. Bertan, Izadi Agirre abadiñarrak parte hartuko du.
Arratsaldean, berriz, zaldi-probek idi-probei hartuko diete lekukoa. 18:00etatik aurrera zaldi bi bata bestearen kontra ariko dira Abadiñon.
Autobus zerbitzua
"Herritarrei eta inguruko herrietako jendeari bertaratzeko deia egiten diegu. Giro aproposa egongo da eta", esan du Maguregik. Zelaietara bertaratzeko azken urteetan lez autobus zerbitzua egongo da, 9:00etatik 16:00ak bitartean Traña-Matienatik Zelaietara gelditu gabe ariko dira autobus bi.
Egitarau zabala
San Blas eguna otsailaren 3a baino askoz gehiago da, eta horretako abadiñarrek egitarau zabala antolatu dute. "Jaien hauen antolakuntzan ibili diren norbanako, eragile eta udal langile guztiei eskerrak eman gura dizkiegu, horrelako egitarau zabala antolatzearren", gaineratu du Mikel Urrutia alkateak.
Jaiei hasiera gaur emango diote, urtarrilak 30, umeentzako diskofesta, antzerki saio eta bertso afariagaz. Urtarrilaren 31an, bazkari herrikoia egongo da frontoian eta esku pilota txapelketa herrikoiko finalak. Gauean, berriz, Fito Skins, AiAma eta Ganibet taldeak ariko dira txosnagunean eta DJ Kool, DJ Kuku eta DJ Kene elkartasun lonjan.
Otsailaren 1ean eta 2an, Welcome & Sorry ikuskizuna eta mus txapelketa egongo dira, hurrenez hurren. Otsailaren 5ean Jakoba Errekondoren hitzaldi-solasaldia eta otsailaren 6an, Abadiñoko Inauterien aurkezpena egingo dute. Jaiei amaiera, urtero lez, Burduntziko Bildots Txapelketagaz emango diote. Hau otsailaren 7an izango da, eta ostean, probalekuan bazkalduko dute.