SD Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu zuen atzo Ipuruan. Azken minutuan Lander Olaetxea abadiñarrak sartutako golari esker armaginek Almeria bezalako aurkari sendo baten kontra irabaztea lortu zuten. "Azken minutuetan garaipena eman digun gola sartzea oso berezia izan da. Gogoa geneukan irabazteko eta zelaian hori erakutsi dugu, baita gol osteko ospakizunean ere", adierazi zuen Olaetxeak partidu osteko prentsa agerraldian.
Partidu hasiera nahiko parekatua izan zen arren, minutuek aurrera egin ahala, armaginak zaleen aurrean hazten joan ziren, eta hainbat gol aukera izan zituzten. Azkenean garaipenaren gola 93. minutuan heldu zen. Atzo lortutako hiru puntuak oso garrantzitsuak dira Eibarrentzat, sailkapenaren beheko aldetik aldentzeko balio dutelako.
Atzoko partiduan eskualdeko beste bi futbolari ere aritu ziren. Batetik eibartarren atea ezin hobeto zaindu zuen Jon Mikel Magunagoitia zornotzarra. Eta bestetik, Almeriagaz fitxatu berri duen Jon Morcillo. Zornotzarra bigarren zatian zelairatu zen eta azkenengo 25 minutuak jokatu zituen.
🫡 𝙀𝙧𝙤𝙢𝙚𝙣𝙖 𝙗𝙚𝙨𝙖𝙧𝙠𝙖𝙩𝙯𝙚𝙣! 💥#BetiArmaginak⚔️ pic.twitter.com/oU65DH6d8b
— SD Eibar (@SDEibar) January 25, 2026