Zebrabidea jarri gura dute N-634 errepidean, Traña-Matienako San Blas autobus geltokirako irisgarritasuna hobetzeko

M.Z. 2026ko urtarrilaren 22a

Abadiñoko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia lanean dabiltza Traña-Matienan, Laubideta inguruan, N-634 errepidearen bi ertzetan, dauden geltokien irisgarritasuna eta segurtasuna bermatzeko. Lan hauetarako 350.000 euro baino gehiago bideratzea aurreikusten dute. 

Bizkaibusen A3512 lineak Traña-Matienako San Blas autobus geltokian egiten du geldialdia. Bertara heltzeko egun irisgarritasun arazoak daude, eta udaletik hori konpontzeko lanean dabiltza. Izan ere, N-634 errepidearen bi ertzetan dauden geltokiak azpiko pasabide zahar baten bidez daude lotuta, eta pasabide horrek ez ditu irisgarritasun baldintza egokiak betetzen. 

Udaletik jakitera eman dutenez, "erabiltzaile guztientzat sarbide seguru eta irisgarria bermatzeko" lanean dabiltza. Eta alternatiba desberdinak aztertu eta baloratu ondoren, Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako sailarekin N-634 errepidean zebrabide bat jartzea aurreikusten dute, semaforo batekin funtzionatuko duena. "Pasabide horrek geltoki biak modu zuzenean eta seguruan lotuko ditu, mugikortasun urriko pertsonek zein adinekoek sarbide segurua izatea bermatuz", azaldu dute. 

Hori horrela, proiektuak, lehendik dauden espaloiak luzatzea eta egokitzea ekarriko du, baita Laubideta kaletik sarbide berri bat sortzea ere, arrapala batekin, besteak beste. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!