Zaldi probek idi proben hutsunea beteko dute San Blas egunean

Maialen Zuazubiskar 2026ko urtarrilaren 21a

Artxiboko irudia.

Aurtengo San Blas egunean ez da idi probarik egongo. Ekintza hori ordezkatzeko zaldi probak antolatuko dituzte. Otsailaren 3an egingo dira, arratsaldean. 

Urtarrilaren 7an hedabide honi Abadiñoko Udalak baieztatu zion aurtengo San Blas eguneko azokan ez zela behirik egongo, ezta idi probarik ere. Erabaki hori Eusko Jaurlaritzak jarritako debekuagatik dator. Behien artean zabaldutako dermatosi nodular kutsakorra ez hedatzeko ganadu azokak egitea debekatu zuen urrian Jaurlaritzak. Abenduan debeku hori kendu egin zuten, eta abenduaren 26an berriro ere ezarri zuten, otsailaren 26ra arte. Hori horrela, auziak San Blas azokari bete-betean eragiten dio, eta udala buru belarri lanean dabil "ahalik eta azokarik erakargarriena" egiteko.

Azoka ospatzeko hamar egun eskas falta diren honetan, Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak ANBOTOri baieztatu dio idi proben hutsunea zaldi probek beteko dutela: "Zaldi probak San Blas egunean egongo dira, arratsaldean", zehaztu du alkateak. Horrez gainera, ardi txakurren erakustaldia eta gazta dastatzea ere egongo dira otsailaren 3an. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!