Behirik eta idi probarik gabeko San Blas azoka izango da aurtengoa

Maialen Zuazubiskar 2026ko urtarrilaren 7a

Artxiboko irudia.

Eusko Jaurlaritzak ganadu azokak debekatu ditu otsailaren 26ra bitartean. Horrek San Blas azokari bete-betean eragiten dio. "Idiegaz ezingo da probarik egin. Ikusi beharko dugu ea ze beste aukera daukagun", esan du Mikel Urrutia alkateak. 

Behien artean zabaldutako dermatosi nodular kutsakorra ez hedatzeko ganadu azokak egitea debekatu zuen urrian Eusko Jaurlaritzak. Abenduan debeku hori kendu egin zuten, eta abenduaren 26an berriro ere ezarri zuten, otsailaren 26ra arte.  Debeku horrek bete-betean eragiten dio Abadiñoko San Blas azokari. Mikel Urrutia alkateak ANBOTOri jakitera eman dionez, aurtengo azoka behi eta idi gabe egingo dute. Bihar udalak batzarra izango du Bizkaiko Foru Aldundiagaz, baina alkateak honako hau aurreratu ahal izan du:  "Egongo da San Blas azoka eta egongo dira animaliak, baina behiak eta idiak ez. Saiatuko gara azoka erakargarria egiten, eta galera hori betetzen", azaldu du alkateak. 

San Blas jaietako idi-probak ere ezin izango direla egin baieztatu du Urrutiak. "Idiegaz ezingo da probarik egin. Ikusi beharko dugu ea ze beste aukera daukagun", gaineratu du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!