Asko jokatzen zabiltza. Zer esan gura du zuretzat, helduberria izanda, taldearen dinamikan hain garrantzitsua izateak?
Eskertzekoa eta pozik egotekoa da. Entrenatzaileak taldera batzeko deitu zidanean, esan zidan talderako inportantea izan nintekeela, gauzak ondo eginez gero. Hasieran ez nintzen gustura egon nire errendimenduagaz, baina, zorionez, esango nuke gauzak ondo irteten dabiltzala apurka-apurka, eta entrenatzaileak jokalari batek behar duen konfiantza hori eman dit.
Zelan sentitzen zara taldean? Ondo integratu zara?
Bai. Denboraldiaurrean nahiko berandu heldu nintzen taldera eta lehenengo egunetik bertatik oso ondo integratu naiz. Oso talde batua dugu, eta giro sanoa. Egia esanda, oso pozik nago. Nigaz batera beste hiru euskaldun dabiltza taldean: Jon Merino gipuzkoarra eta Ibaider Garriz eta Santi Samanes nafarrak. Azken honegaz Logroñes taldean kointziditu nuen. Ezagutzen nuen aurretik.
Bost gol daramatzazu. Euretariko bat Pontevedraren kontrako derbian lortu zenuen. Beharbada horixe ba bereziena?
Derbi batean gol bat sartzen duzunean, eta gainera golak taldeak hiru puntuak batzeko balio duenean, askoz bereziagoa da. Bai, horixe da orain arteko golik bereziena, kontuan hartuta aurrelari batentzat gol guztiak direla bereziak.
Zure ibildean hainbat tokitako derbiak jokatu dituzu. Lugoren eta Pontevedraren artekoa derbi beroa da?
Derbi guztietan dago lehia, baina ez zidan derbi sutsu baten sentsazioa utzi. Beste derbi batzuekin alderatuta, esan gura dut; esaterako, Huescaren eta Zaragozaren artekoa. Derbi horretan lehia handia dago.
Gol bat penaltiz sartu duzu, penaltiak jaurtitzeko duzun dinamika berezi horregaz: baloira abiada txikian hurreratu, eskuin hankagaz salto egin, ezkerra lurrean pausatu eta geldian jaurti. Nondik dator dinamika hori?
Orain dela lau-bost urte bideo bat ikusi nuen, jokalari bat penaltia horrela jaurtitzen. Entrenamenduetan horrela botatzen hasi nintzen, kuriositatez. Eta sartu egiten nituenez, harrezkero horrela jarraitu dut. Atezainari begiratzea da gakoa, eta norantza mugitzen den ikustea, baloia beste aldera bidaltzeko.
Orain aste batzuk, futbol federazioak zuri buruzko bideo bat argitaratu zuen sareetan. "Ez du birritan pentsatzen" zen goiburua, Lehen Federazio Mailan sartutako 16 golak lehenengo ikutuan sartu dituzula azpimarratzeko.
Bai, ikusi nuen. Orain lehenengo ikutuan sartzen nabil gol asko. Aukera dudanean errematatzen ahalegintzen naiz. Gerora, akaso, bigarrenean edo hirugarrenean hasiko naiz sartzen. Batek daki! Baina, tira, baloia barrura doan bitartean, denok pozik!
Nire gusturako, zure golik onena lehenengo ikutuaren antitesia da, 2023/2024 denboraldian Amorebietagaz Levanteren kontra sartu zenuena. Gogoratzen duzu?
Gogoratuko ez dut, ba!
Baloia zelai erdian jaso, aurkari bati iskin egin, area barruraino korrikaldia egin eta atezainari baloia azpitik gurutzatu. Zure golik onena ez bada, onenetarikoa izan daiteke.
Bai, dudarik barik, onenetarikoa seguru! Gainera, 84. minutu inguruan zelairatu nintzen, eta handik hiru bat minutura heldu zen gola. Partidua amaitzear zegoen eta golak taldeari garaipena emateko balio izan zuen.
Laster 2026an sartuko gara. Zer eskatzen diozu urte berriari?
Talde ikuspegitik ea pausotxo bat aurrera ematen dugun, dinamika on batean sartzen garen eta denboraldiko azken txanpan goian borrokan gabiltzan. Une honetan 12. postuan gaude eta igoerako kanporaketan sartzea dugu helburu, jakinda ere oso talde onak daudela maila honetan. Arlo pertsonalean, taldeari gol asko sartuta laguntzea eskatzen diot urte berriari.