2025eko aurrekontu parte hartzaileetan, herritarrek probalekua aisialdirako gune estali bezala zabaltzea lehenetsi zuten bestelako proiektu batzuen artean. Abadiñoko Udaletik jakitera eman dutenez, herritarrekin elkarlanean hainbat erabaki hartu ostean, urtarrilaren 3an aisialdirako gune bezala lehenengoz zabalduko dute probalekua. Eskolatako oporretan, asteburuetan eta jai egunetan egongo da irekita. Barikuetan 18:00etatik 20:00etara, zapatu, domeka eta jai egunetan, 10:30etatik 19:30era.
"Herritarrekin elkarlanean egindako prozesuarekin oso gustura geratu gara. Iritzi desberdinak jaso eta herritarren beharrizanak zeintzuk diren ezagutzeko aukera izan dugu. Oraingoz, segurtasuna bermatzeko moldaketa bakarra egin dugu, baina datozen hilabeteetan, hobekuntza lan guztiak eramango ditugu aurrera, probalekua espazio segurua eta eskuragarria izan dadin", adierazi du udal gobernu taldeak.