"Gure artisau lanek arima dute, bakarrak dira"

Ekaitz Herrera 2025eko abenduaren 12a

Garai batean Atxa burdindegia zenak beste itxura bat hartu du egunotan. Gabonetako opariak izan daitezkeenak edota egunerokorako erabilgarriak direnak topatu daitezke atzo ateak zabaldu zituen Azoka Txikian. Durangaldeko eta inguruetako herrietako hainbat ekoizlek euren produktuak erakusteko erabiliko dute azoka; adibidez, zeramikak, argizarizko irudiak, lore sikuak, zamakez eginiko belarritakoak eta poltsak plazaratzeko. Sei lagunen artean ekin diote proiektuari, eta horietariko bigaz batu da ANBOTO: Monica Delgadogaz eta Janyre Quintasegaz. Urtarrilaren 5era arte edukiko dute zabalik Azoka Txikia. 

Nondik dator ideia?
Janyre Quintas: Ideiaren hazia iaztik dator, Durangon neguko azoka bat egin genuen, probatzeko asmoagaz edo, eta gustura aritu ginen.
Monica Delgado: Guretzat sekulako esperientzia izan zen, izugarria, oso polita. Jendea ezagutzeko oso baliagarria izan zen, eta baita gure burua ezagutarazteko ere. Eta saltzeko ere bai, jakina. Ikusten duzu apaletan dituzun gauzak zelan saltzen doazen, gustatu egiten direla, eta orduan gustura geratzen zara. Horren ondoren, pentsatu genuen Matienan bertan horrelako beste bat egitea, artisau gehiagogaz batera.
J. Q.: Iruditu zitzaigun aukera polita zela ere lokal honi bigarren bizitza bat emateko, Matienan ez dagoelako eskaintza askorik. "Beharbada ez da ondo irtengo, baina ahalegindu egingo gara", pentsatu genuen. 

Eta ahalegindu zarete. Zein da dendaren ordutegia?
M. D.: Astelehenetik eguenera goizean zabalduko dugu, eta barikuetan goizean eta arratsaldean; zapatuetan goizean zabalduko dugu. Inguruetako denda eta lokalen jarduna ez oztopatzea da gure asmoa.
J. Q.: Sekulako ilusioagaz gaude, lana ere izaten dabilen arren; lokala moldatu behar izan dugu, margotu. Gure artean ere txandak adostu behar izan ditugu. Gehiago edo gutxiago, denok egongo gara hemen.
M. D.: Esan dugun moduan, aurrekoan ikusi genuen jendeak eskertu egiten duela zuzeneko hartu-eman hori. Norberak hobeto azalduko dio bezeroari sortzen eta saltzen duen hori albokoak baino. Egia esan, denok dugu geure proiektuen berri, baina ekoizleagaz aurrez aurre berba egitea da onena. 

Zer ikusiko du hona datorrenak?
M. D.: Ba, gauza mordoa ikusiko du. Eskuz egindako gauzak, eta, batez ere, maitasunez egindako gauzak, egiterakoan bihotzetik ateratzen duzulako. Ez dira pieza arruntak, beste edozein tokitan topatu ditzakezunak. Pieza bakoitzak bere arima propioa du, denbora asko eskaini zaio. Bakarrak dira. Ez dituzu edozein lekutan topatuko, eta hori nabarmentzea garrantzitsua da.
J. Q.: Bertako giroa ere azpimarratuko nuke. Kafeontzi bat daukagu, baten batek gura izanez gero ere. Hartu-eman hori oso garrantzitsua da, eta gune egokia da horretarako. Giro gozoa izango dugu, gainera.

Durangaldekoak ez ezik, ingurukoetakoak ere bazaudete.
M. D.: Bai, Iurretako Bloosi estudioa, adibidez; zeramikazko taza edo loreontziak egiten ditu, besteak beste; Durangotik, lora sikuekin koadroak egiten dituen Nilora Lorak; Loft Di Laurak eguzkiloreak egiten ditu zamak eta beste material batzuen nahasketagaz eta harriekin. Maluke munduak inpresioa egiten du, kamisetetan adibidez. Las Cositas de Coco Janyre-k, koadroak. Ongizate ehungitzara dedikatzen da; zaku termikoak eta zapiak egiten ditu, adibidez.
J. Q.: Nirea Las Cositas de Coco da, holistikoa da, zen mota. Nire bizitzako esperientziak argizarietan eta koadroetan islatzen ditut; desberdinak dira. Eskuz egiten ditut. Diseinuak ere nik neuk egiten ditut. Konexioa eta txakrak jorratzen ditut, batez ere. Material naturalak erabiltzen ditut, zurezkoak, figurak igeltsuan, eta margotu egiten ditut; barrukoa olio esentzial naturalekin eta sojazko argizariagaz egindakoa da, dena naturala. Nik neuk ere ez nuen ezagutzen, horregaz lan egiten hasi nintzen arte. Alternatiba natural bat dira, ez dira toxikoak. Ez nuen parafinagaz lan egin gura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!