Bozketa fasean sartu da dagoeneko Abadiñoko aurrekontu parte hartzaileen prozesua. Herritarrek egindako proposamen guztiak aztertu ostean, beharrezko baldintzak betetzen dituzten 45 proiektu pasa dira azken bozketara, eta, orain, abadiñarrek sei proiektu aukeratu beharko dituzte. Fase honetan, Abadiñon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritar guztiek parte hartu ahal izango dute. Eta bakoitzak sei boto eman ahal izango ditu. Bozkak abenduaren 30era arte eman ahal izango dira udal bulegoetan, udaletxean, Errota Kultur Etxean, Mediatekan edo adinekoen zentroan. Online ere egin ahal izango da.
"Legegintzaldi honetan, berebiziko garrantzia eman diogu herritarren parte hartzeari, uste baitugu denon artean lan eginda eraikitzen dela herria. Aurten, gainera, diru partida handitu dugu, herriarren inplikazioa ahalik eta handiena izatea nahi dugulako. Eskerrik asko 188 proposamenak aurkeztu dituzuen herritar guztioi", azaldu dute gobernu taldeko kideek.