Aitor Bizkarra Bizkaiko finalean izango da

E.H. 2025eko azaroaren 16a

Aitor Bizkarra, atzo, Bermeoko finalaurrekoan. BERTSOZALE.EUS

Bertsolari abadiñarrak finalaurreko bigarren buelta irabazi zuen atzo Bermeon, eta puntu batuketari eskerrak finalerako txartela lortu du. 

Ziurtasun osoz esan daiteke: Aitor Bizkarra Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean izango da. Abadiñarrak finalaurrekoetako bigarren buelta irabazi zuen atzo, Bermeon, 664 puntu poltsikoratuta. Eta kopuru horri lehenengo bueltako puntuak batuta, matematikoki sailkatu da azken saiorako, 1.313,5 puntugaz. Aitor Bizkarra eta Aitor Etxebarriazarraga gernikarra dira, momentuz, finalerako txartela ziurtatu duten zortzi bertsolarietatik bi. 

Bizkaiko finala abenduaren 20an jokatuko da Bilboko Casillan. Hala ere, oraindik beste finalaurreko bat dago jokoan, eta posible da Durangaldeko bertsolari gehiagok finalerako sailkapena eskureatzea. Izan ere, datorren zapatuan, azaroak 22, azken finalaurrekoa jokatuko da Markina-Xemeinen; bertan, Gorka Pagonabarraga durangarra eta Txaber Altube abadiñarra lehiatuko dira, Imanol Uria, Jone Uria, Oihana Bartra eta Xabat Galletebeitia ondoan. Saioa Unibertsitatean izango da (frontoian), 17:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!