"Hartu-emanak sortu eta estutu egin ditut azokan"

Maialen Zuazubiskar 2025eko azaroaren 8a

Herriko ekoizle eta artisau batzuen ekimenez, Abadiñon azoka egiten dute hileko bigarren domeketan. Orain urte bi hasi ziren ekimen honegaz, eta herritar askorentzat ohitura bihurtu da hileko bigarren domekan Txanportatik pasatu, erosketatxo batzuk egin eta goiza ematea. Herritarrentzat ez ezik, ekoizleentzat ere plaza garrantzitsua bihurtu da, eta askok hileko bigarren domeka dagoeneko lanegun legez koloreztatuta dute euren agendetan. Horietariko bat Inmaculada Zuazua da, Errekaldeko Lorak proiektuaren sortzailea. 

Hasteko, noiz eta zelan sortu zenuen Errekaldeko Lorak?
Betidanik izan ditut gustuko loreak, eta eurekin lan egitea ere bai. Etxean bertan ortu txiki bat izan dut loreekin. Orain urte batzuk Arte Floral eta Maestro Florista ikasketak egin nituen, eta etxeko tejabana berriztu eta 2021ean atelier txiki bat ipintzea erabaki nuen. Harrezkero, loreak saltzen ibiltzen naiz.

Zer saltzen duzu?
Lore freskoekin eta zaindutako loreekin lore-zentroak egiten ditut. Baita etxe barrurako landareak ere, eta hauentzat loreontziak sortzen ditut. Horrez gainera, ahal dudan neurrian, bezeroek gura dutena lortzen ahalegintzen naiz.

Jendeak zelan erosi ditzake zuen produktuak?
Jendea Errekaldera etorri daiteke, telefonoz aurretiaz ordua hartuta edo Instagramen bitartez (@errekaldeko_lorak) idatzita. 

Herritarrek hileko bigarren domeketan Abadiñon egiten den azokan ere badute aukera erosteko, bertako ekoizle finkoetariko bat zara eta. Zer suposatzen du zuentzat azoka honek? Garrantzitsua da?
Azoka oso interesgarria da niretzat; gainera, herrian bertan daukagu. Nirea ez da ohiko denda bat eta Abadiñoko azokari eskerrak bezeroekin hartu-emanak sortu eta sendotu egin ditut. Behin hori lortuta, lasai bertaratzen dira dendara. Gainera, herriko ekoizle guztientzat erakusleiho galanta dela uste dut. Horrez gainera, herritarrei eta Abadiñora bertaratzen direnei bertako produktuak erosteko aukera eskaintzen zaie, eta, bide batez, domeka goiz berezi bat pasatu eta antolatzen diren ekintzekin gozatu dezakete. Benetan merezi du azokara etortzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!