Trinketeko finalak jokatuko dituzte, gaur, Tornosolon

J.D. 2025eko urriaren 31

Esku pilotako eta paleta gomako txapel bana egongo da jokoan Tornosolon.

Kepa Arroitajauregiren oroimenezko seigarren txapelketako finalak gaur jokatuko dituzte Abadiñoko Tornosolo trinketean, 18:30ean.

Finaletan ez da Durangaldeko pilotaririk izango. Esku pilotan Ibai Arroitajauregi iurretarrak, Keparen semeak, gertu izan zuen sailkapena Gaizka Okarizen kontrako finalerdian, baina lehenengo seta irabazi eta gero (15-9) bigarrena galdu egin zuen, abantaila handi bati ihes egiten utzita (11-15), eta hirugarren set erabakigarrian pilotari nafarra nagusitu zen: 5-3. Okarizek Jon Jara izango du aurkari finalean.

Paleta goman
Paleta gomako finalerdietan, bikote protagonista biek oso partidu polita eskaini zuten beste behin ere. Lehenengo seta ikusgarria eta emozioz beterikoa izan zen. Azkenean, Darribat eta Gorostiaga sailkatu ziren finalerako, Larrarteri eta Goyenetcheri 15-13 eta 15-5 irabazita. Finalean Montserrat-Murillo bikotea izango dute aurrean. Ez dago faborito argirik eta oso partidu estua aurreikusten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!