Ekainean jarri zen martxan Traña-Matienako aparkaleku sistema berriaren proba pilotua, eta, emaitzak aztertu ostean, sistema hori behin-betiko mantentzea erabaki du Abadiñoko Udalak. Udaletik jakitera eman dutenez, lortutako emaitzez gain, bi udal batzorde egin dira, merkataritza-sektorearekin bilerak egin dira eta herritarrekin bilera ireki bat egin da, emaitzak partekatzeko eta auzokideen ekarpenak jaso ahal izateko.
Egoiliarrentzako aparkaleku aukerak hobetzea zen proba pilotuaren helburua, eta, aldi berean, tokiko merkataritzaren jarduera sustatzea. Orokorrean, positiboki baloratu da proba pilotua. Datuek erakusten dute okupazio maila handia dagoela egoiliarrentzako guneetan, bereziki arratsaldez, eta TAO urdineko gunearen erabilera egokia dela. Hala ere, emaitzek iradokitzen dute aldaketak egin behar direla TAO berdea optimizatzeko.
Hori horrela eta emaitzak eskuan, udalak aldaketa batzuk egingo ditu sistemaren funtzionamendua hobetzeko. Trañaetxosteko TAO gune berdeko aparkalekuen erabilera optimizatzeko, egoiliarrak diren ibilgailuek mugarik gabe aparkatu ahal izango dute 13:30etik aurrera. Era berean, Abadiñon matrikulatutako ibilgailu guztiak egoiliarrentzako guneetan aparkatzea ahalbidetzen zuen behin-behineko neurria behin-betiko izatera igaroko da. Horrez gainera, derrigorrezkoa izango da pegatina ibilgailuko ageriko leku batean eramatea, sistemaren jarraipena errazteko.
"Probaldiak Traña-Matienako aparkaleku sistema definitzeko eta bere funtzionamendua doitzeko balio izan du, herritarren esperientziak eta euren parte-hartzea oinarri hartuta. Egindako inkestaren arabera, iritzia eman zutenen artean, %60,3k uste du hartutako neurriak egokiak edo oso egokiak direla, eta %23,8k, aldiz, desegokiak edo oso desegokiak”, adierazi dute udal gobernu taldeko kideek. Bestalde herritarrei eta merktaritza-sektoreari eskerrak eman dizkie, sistema diseinatzeko eta ebaluatzeko prozesuan laguntzeagatik eta parte hartzeagatik.