Abadinok Euskadiko harrijasotze txapelketa bi hartuko ditu zapatuan

Joseba Derteano 2025eko azaroaren 6a

Jon Gisasola eta Goizeder Abendibar harrijasotzen.

Eskualdeko kirolari bi arituko dira lehian: Goizeder Abendibar eta Jon Gisasola 'Zelai V.a'.

Abadiñoko probalekua Euskadiko harrijasotzaile onenetakoen topagune bihurtuko da zapatuan, 18:00etatik aurrera. Txapelketa bi lehiatuko dira Mallabiko ordezkari banarekin: kintopeko txapelketan, Goizeder Abendibar, eta, harri txikikoan, Jon Gisasola 'Zelai V.a'.

Kintopekoan —21 urtez azpikoak— Naroa Arrutik, Maddi Guesalagak eta Olaia Esnaolak osatuko dute txapelaren bila arituko direnen laukotea. Egin beharreko lana honako hau da: hiru minutuan ahal beste altxaldi ematea 50 kiloko harri kubikoari eta zilindriko zaharrari.

17 urtegaz, Abendibarrek bigarren bider parte hartuko du Euskadiko txapelketan. Iazko lana hobetzea du helburu nagusia, txapelerako lehia baztertu barik. "Kintopekoetan heldu da puntu bat edozeinek irabazi dezakeela txapela, hiru minutuan ezin dugulako jasoaldi gehiago eman. Alde txikiak izaten dira, jasoaldi baten edo biren bueltan gabiltza. Beraz, batek egun txarra badauka eta besteak ona… ikusiko dugu zer gertatzen den", dio harrijasotzaile mallabitarrak. Iaz hiru jasoaldiko aldea bakarrik egon zen Guesalaga txapeldunaren eta Abendibar laugarren sailkatuaren artean.

2025a "oparoa" izaten ari da Abendibarrentzat. Inoiz baino plaza gehiago egiten dabil eta txapelketetan espero ez zituen "sorpresa onak" hartu ditu, esaterako Tolosako Bedaio auzoko harri baldarren txapelketan, irailean. "Parte hartzera bakarrik joan eta bigarren geratu nintzen", gogoratu du Zarauzko Izeta herri kirol taldeagaz entrenatzen den gazteak.

Gisasolak iazkoa hobetzea helburu

Harri txikien txapelketan, Gisasolaz gainera, Paulo Aspiazu, Mikel Lopetegi, Eneko Bilbao, Iker Sojo, Oscar Aguas eta Beñat Telleria ariko dira honako harriekin: 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kuboa, 125 kiloko zilindroa eta 125 kiloko errektangularra.

Gisasolak iaz aurrenekoz parte hartu zuen maila absolutuko Euskadiko txapelketa ofizialean, eta orduko lana hobetzea du helburu. "Lehenengo aldia beti da gatxa. Betekadatxoa hartu nuen. Urtetik urtera hobetzea izaten da kirolarion nahia eta horixe dut helburu", adierazi du Mallabiko Txondor herri kirol elkartean dabilen gazteak. Sasoi onean badator, Mikel Lopetegi ikusten du txapela janzteko hautagai nagusi.

Azaroan egutegian gorriz markatutako beste hitzordu bat ere izango du 26 urteko mallabitarrak: Bizkaiko harrijasotze txapelketa, hilaren 23an. 2021, 2022 eta 2023 urteetan mallabitarrak jantzi zuen txapela eta aurten berriro irabaztea du helburu.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!