Sexilioak badu definizio jakinik?
Martxel Larraza: Sexilioa euren familia eta gizarte ingurunetik normalean hiriguneetara ihes egin behar izaten duten LGTB pertsonen migrazio behartua da, genero-identitatea edo sexu orientazioa dela-eta jasandako zapalkuntzagatik egiten dutena. Jakina, inork ez ditu bortxaz botatzen, baina herri txikietan badaude haurtzaroko edo nerabezaroko faktoreak horretan eragiten dutenak. Erreferente falta izan daiteke arrazoietako bat, edo ingurunean sozializatzeko edo komunitate txiki bat sortzeko aukera mugatuak egotea beste bat. Halako kasuetan, sexilioa ihesbide bihurtzen da.
Horrek esan gura du hiria eta landa eremua desberdinak direla LGTB herritar batentzat?
M.L.: Alde batetik, bai, herria eta hiria desberdinak dira. Adibidez, landa eremuan bertako erreferenteak bilatzea zailagoa izan daiteke hirietan baino. Era berean, hiriak anonimotasuna eskaini diezazuke askapenerako, baina zailagoa ere izan daiteke komunitate bat sortzeko. Gainera, herrietan hirietan baino errotuago daude tradizio eta nortasun ohiturak, eta ezaugarri horiek mugatzaileak izan daitezke. Batzuetan, jendea ez da alde egiteko duen behar horretaz konturatzen, kanpoan dagoen arte, eta bestelako baldintza batzuetan bizitzen hasten den arte.
Joseba Olagarai: Sexilioa oso gauza pertsonala da. Batzuek herritik irtetea pentsatu dute beharbada, baina ez dira sekula irten. Haien lekua topatu dute eta beren identitatea edo orientazioa problemarik gabe bizi ahal izan dute, normal. Beste batzuek, berriz, pentsatu eta kanpora joateko erabakia hartu dute. Eta kanpoan bizileku seguru bat topatu dute. Eta gero gertatu zaie herriminak edo dena delakoak eraginda berriro ere herrira bueltatzea. Azken finean, kolektiboko kideok bilatzen duguna ingurune seguru bat da. Ulertuak, onartuak, errespetatuak eta maitatuak izateko ingurunea. Eta ingurune hori herria izan daiteke, edo ez. Horren guztiaren atzean heteroarauaren zama dago. Bide bat markatzen digute sortzen garenetik, baina bide hori zama izan daiteke LGTB herritarrentzat.
Izan gay, lesbiana, trans edo LGTB komunitateko beste identitateren bat, badago alderik sexilioan?
M.L.: Sexilioa desberdin bizi dugu ezaugarrien arabera, eta baita generoaren arabera edo arrazalizatutako identitateen arabera ere. Hau da, desberdin bizi dute era nahiko maskulinoan adierazten den emakume lesbiana batek edo genero adierazpen erabat femeninoa performatzen duen mutil gay batek. Kontraste hori nabaritu dugu hitzaldietan. Adierazpen femenino hori herri txikietan askoz kondenatuagoa dagoela ikusi dugu, eta, aldiz, zisheteroarauak markatzen duen eredu maskulino horretara zenbat eta gehiago egokitu, orduan eta erosoago bizi daitekeela.
J.O.: Kolektibo barruan ere gertatzen da hori. Eredu zisheterora zenbat eta gehiago hurbildu orduan eta errazago onartuak gara herrietan. Alegia, bi emakumez osatutako familia bat, bi haur dituena, seguruenik onartuago egongo da mutil trans bat izan eta familiarik eraiki ez duena baino. Azken finean, sistemaren baitan zenbat eta disidenteagoa izan, zailagoa da herriaren parte izatea. Gonbidatuen ahotan sentitu dugu hori. Gogoan dut behin Soraluzen sentitu genuena (Gipuzkoa). Hitzaldi hartan bi gonbidatu izan genituen. Euretariko bat emakume lesbiana bat zen, beste emakume batekin ezkonduta zegoena, eta ume biren ama zena. Familian normaltasunez bizi zirela komentatzen zigun. Aldiz, mutil homosexual bat ere izan genuen gonbidatu, adierazteko modu femeninoa zuena, eta esaten zigun, gona janzten zuen aldiro begiradak, komentarioak eta uneren batean eraso batzuk ere jasan zituela. Eta hor ikus daitekeena femeninotasunarekiko mespretxua da. Gizon bat femeninoki agertzeak une deseroso ugari sortzen du oraindik ere.
Sexilioa kanpoan egon eta berriro ere herrira bueltatzean amaitzen da? Ala zauriek zarratu barik jarraitu dezakete?
J.O.: Pertsonaren araberakoa da hori. Hitzaldietan hainbat gai planteatzen dugu, eta ikusi duguna da sendatutzat jotzen zituzten zauriak berriro ere ireki izan zaizkiela hainbati. Aurrekoan, Leitzan ikusi genuen hori (Nafarroa). Bertako gonbidatuak, mutil homosexual batek, komentatzen zigun bere haurtzaroko diskriminazioak osatuta zituela uste zuela, baina zauria ukitzerakoan konturatzen zela ez zegoela sendatuta. Horrenbestez, sexilioa sendabidea izan daiteke, zein ez.
Zuen proiektuak sexiliatutako bost euskal herritarren testigantzak ditu oinarri. Zelan eta zergaitik aukeratu zenituzten bost herritar horiek?
M.L.: Hau guztia duela hiru urte hasi zen, unibertsitateko gradu amaierako lana egiten nenbilela. Nahiko dokumentazio lan zabala egin nuen eta hainbat aktibistarekin eta elkarterekin bildu nintzen. Lagin txiki bat aukeratu nuen, eta, horrenbestez, ezinezkoa da herrietako LGTB errealitate osoa jasotzea. Alabaina, askotariko ezaugarriak plazaratzeko aukera ematen zuela ikusi nuen, testigantzak anizkoitzak baitira. Euskal Herriko lurraldetasunari dagokionez, hainbat herrialdetako herritarrak daude; LGTB sigla aldetik, komunitateko kide desberdinak ageri dira, eta adin tarteari dagokionez ere desberdinak dira profilak. Hainbat ezaugarri erakustea izan da helburua, baina, lagina txikia izatera, asko kanpoan geratu behar izan dira.
Urriaren 30ean estreinatuko duzue argazki erakusketa Abadiñon, berbaldia eskaintzeagaz batera. Bertara doanak zer topatuko du?
J.O.: Denerik landuko dugu. Berez, hitzaldia emango dugu, baina testigantza baten berri ere izango dugu, Amagoia Villanueva abadiñarra ondoan izango dugu-eta bere esperientzia kontatzen. Horrez gainera, solasaldia ere izango dugu. Egon garen herri guztietan sortu dira elkarrizketak hitzaldia amaitutakoan, eta horrek harrituta eta pozik utzi gaitu. Jendeak galderak egiten ditu, edo bizipen pertsonalak partekatzen ditu. Horrek bihotza betetzen digu, jendea hurbildu den aldiro sexilioaren gaiak itzaletik argitara egiten duelako. Izan ere, sexilioa beti egon da, eta oraindik ere badago. Komunitateko kideok kanpora joateko bultzada hori dugu oraindik. Gogoan dut Elgoibarren emakume batek kontatu ziguna. Duela hainbat urte, herriko emakume bik herritik alde egin eta Andaluziara joan zirela esan zigun. Eta gure hitzaldiari esker ulertu zuen herrian hainbat urtez laguntzat jo zituzten emakume haiek biak bikote zirela. Eta hori askotan ikusi dugu. Askok ikusi dute ezagunen bat, osabaren bat, bizilagunen bat edo kuadrillakoren bat kanpora joatearen arrazoia sexilioa izan zitekeela, euren orientazioa edo generoa izan zitekeela alde egiteko arrazoia.
Zelako pertzepzioa izan dute berbaldietara joan diren LGTB herritarrek? Sexilioari buruz berba egitea eskertu dute?
M.L.: Bai, dudarik gabe. LGTB herritarrek gaiari buruz hitz egiteko beharra dutela ikusi dugu hitzaldietan. Herri txikiei dagokienez, horri guztiari erreparatzeko beharra ere badagoela ikusi dugu. Eta beharra ere badagoela oraindik hitz egiteko prest ez daudenek gaia entzuteko aukera izan dezaten. Beharra ikusten dugu, eta hitzaldia eman ondoren jendearen esker ona ere sentitzen dugu. Izugarrizko esker ona. Inoiz kontatu ez diren bizipenak dira, baina herriko biztanle askorenak. Eta bizipenak norberarenak ez diren kasuetan, baliagarriak dira hurbilera begira jartzeko.
J.O.: Sexilioa tabua izan da urte askoan, eta jendeak beldurrez hitz egin du gaiari buruz. Gaur egun, 2025ean, gai hauei buruz mintzatzeko momentua da, euskal landa eremuan, herri txikietan edo euskaraz bizi garen herrietan batez ere. Nolabait, gordeka eta baimen eske bizi izan garen denok geure lekua hartzen ari garen sentsazioa izaten dugu, eta hori bada arrakastaren parte.
|
LGTB herritarren % 13k bizilekua aldatu eta sexiliora jotzen du
Ikerketak beste datu azpimarragarri bat ere utzi du: sexilioak LGTB komunitateko kide guztiei eragiten die, baina askoz ere esanguratsuagoa da trans pertsonengan eta arrazalizatutako pertsonengan. Gainera, ikerketak ondorioztatu du pertsona horiei beste zama batzuk ere gehitzen zaizkieela, desberdintasun ekonomiko eta sozialak gehienbat. Ardatza hirien eta landa eremuko herrien artean jarriz gero, honako argazki hau du sexilioak Espainiako estatuan: desplazaturikoen % 43,4 hiritarrak ziren, % 26,9 atzerritarrak, eta % 13,5 baino ez ziren landa eremukoak. Erdiek baino gehiagok Autonomia Erkidegoren bateko hiriburua hautatu zuten bizileku modura. Baina hainbatentzat arazoa ez zen hor amaitu. Sexiliaturikoen % 17,3 kalean bizitakoak dira, % 11,5ek beldurrez bizi direla diote, eta |
