Udaberrian Abadiñoko Udalak martxan jarritako prozesu parte hartzailea azken fasera iritsi da. Udaletik jakitera eman dutenez, herritarren ekarpenekin, probalekua biziberritzea izan da asmoa, espazio hori estalitako aisialdirako gune dinamiko eta bizi bihurtuz.
Jasotako proposamenak aztertu ondoren, honako lan hauek egingo dituztela azaldu dute: gradako lehen lerro guztietan baranda desmuntagarri bat jarriko da, lurreko tarimaren estruktura berrituko da, aldapa bat jarriko da, aldagela berri bat eta dantzarien materiala gordetzeko gune bat sortuko dira, lona bertikal bat jarriko da probalekua konpartimendu desberdinetan banatu ahal izateko eta azkenik, probaleku barruan eta kanpoan soinu-inmisioa neurtzeko azterketa egingo dela.
Bestalde, hobekuntza lanak eginda, probalekua asteburuetan irekitzea proposatu dutela herritarrek jakitera eman dute udaletik, eta horiek aurrera eramateko kontratazioak martxan jarri dituztela. "Ahalegina egingo da neguan zehar zabalik egoteko".
Lan hauek egitea abadiñarrek aurrekontu parte hartzaileetan lehenetsi zuten, eta hori horrela, aurrekontu parte-hartzaileetako 100.000 euro horretara bideratuko dituzte.
"Prozesu parte hartzaile honek aukera eman digu iritzi ezberdinak jasotzeko eta herritarren beharrizanekin bat datozen hobekuntzak egiteko. Probalekua erabilera eta ibilbide handiko espazioa da, eta herritarrentzat erabilgarria eta eskuragarria izaten jarraitzeko hobekuntzak egin nahi ditugu", azaldu dute.