Elorrio-Bilbao linea astean zehar ez da Muntsaratzen geratuko

M.Z. 2025ko urr. 2a, 12:00

Gaur goizean Abadiñoko Udalak prentsaurrekoa eman du Muntsaratzen, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen zerbitzuen harira emandako erantzuna plazaratzeko. Udalak jakinarazi duenez, eskaera guztien artean onartu den proposamen bakarra EHUra doan A3924 linearen ibilbidean eta ordutegian aldaketa egitea izan da. 

Gainerako guztiak atzera bota dituzte eta horien artean dago herritarren artean eskaririk handiena duena, hau da, Muntsaratzeko geltokiarena. A3923 lineak (Elorrio-Bilbo) astean zehar ez du geldialdirik egiten Muntsaratzen. Martxoan, abadiñar batek bultzatuta, ia 500 sinadura jaso zituzten autobusa bertan gelditzeko eskatzeko, eta sinadurok Aldundira helarazi zituzten udalak egindako eskaeragaz batera. "Aldundiak ez du proposamena onartu. Euren esanetan, Muntsaratzeko geralekua gehitzeak Elorrioko zerbitzuaren kalitatea okertzea ekarriko luke", adierazi du gobernu taldeak.

Proposamen horretaz gain, beste hainbat ere atzera bota dituztela jakitera eman dute. Horien artean daude: Hostal San Blas eraikinaren inguruan dauden autobus geltokiak irisgarriak egitea, zapatu gauetan Durangora joan-etorriak egiteko autobus-zerbitzua jartzeko eskaria, San Blas eguneko errefortsuak eta geltokietan panelak jartzeko proiektua. 

Mikel Urrutia alkateak eta Edurne Maguregi alkateordeak esan dutenez, erantzunak ez ditu herritarren beharrizanak asetzen, eta hori horrela Aldundiari beraien irakurketaren berri emango diotela eta Bizkaiko autobus zerbitzuaren hurrengo lizitazioan alegazioak aurkezteko eskatuko dutela, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!