Abian da 'Ongi Etorri' kanpainaren bigarren edizioa, Abadiñoko, Berrizko, Durangoko, Elorrioko eta Iurretarako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkarteek martxan jarri duten ekimena. Gaur eguerdian Traña-Matienako Errota Kultur Etxean jakitera eman dutenez, urriaren 12ra bitartean eskualdeko bost herri hauetako dendetan erosten dutenek herritarrak 2.500 euroko saria irabazteko aukera izango dute. Kanpainagaz bat egin duten establezimenduek banderatxo bat izango dute erakusleihoetan, kanpainaren irudiarekin. "Kanpainaren helburu nagusia herritarrak herrietako establezimenduetan sartzera eta eskaintzen duten guztia ezagutzera animatzea da. Gonbidapen argi eta hurbil bat helarazi nahi da: atea zeharkatzea, negozio bakoitzaren atzean dauden pertsonak ezagutzea eta Durangaldeko eskaintzaren aniztasunari balioa ematea", azaldu dute kanpainaren bultzatzaileek.
Mikel Urrutia Abadiñoko allkateak aurkezpenean herritarrak gonbidatu ditu kanpainagaz bat egiten. "Herriko komertzioaren aldeko apustu argia da. Gainera, kanpaina honek balioan jartzen du herrien arteko elkarlana, eta sinergiak. Komertzioek inoiz baino beharrizan handiagoa dute", esan du Urrutiak.
2.500 euro 24 orduan gastatzeko
Zozketa honetan parte hartzeko, nahikoa da parte hartzen duten establezimenduetan erostea eta erosketa-tiketa (izena, abizenak eta telefonoarekin) saltokietan dauden kutxetan sartzea edo labur.eus/ongi-etorri-zozketa webgunearen bidez parte hartzea.
Pertsona guztien artean, 2.500 euroko sari bat banatuko da. Irabazleak 24 ordutan gastatu beharko ditu 2.500 euroak, 500 euro herri bakoitzean.