Emozioz beteriko kontakizun laburrekin ondu dute lana, umoreari ere tartea eginda. Akuarelekin ilustratu dute istorio bakoitza, narrazio bakoitzari bere atmosfera eta lekua eskaintzeko. Egileen esanetan, protagonistak hurbileko pertsonaiak dira, eta itxura batean sinpleak diruditen egoeretan kokatu dituzte. Halaber, xehetasun bakoitza zaindu dutela adierazi dute. Liburuak entretenitzeko zein irakurlea bere barne pentsamenduetan hunkitzeko balioko duela gaineratu dute. Egile biek Txanporta kultur etxean aurkeztuko dute Mar de letras y acuarela liburua, urriaren 1ean, 18:30ean.
Begoña Caballero mañariarrak eskualdeko hedabideetan egin du lan, eta kontakizun laburrak idatzi ditu Relatos a vuelapluma eta Secretos en Blanco y negro liburuetan. Maite Azkargorta Bergarako Arte Elkarteko kidea da eta askotariko pintura ikastaroak jaso ditu; akuarela lantzen du gehienbat.