Zapatu honetakoa mugarri historikoa izango da, Euskal Herriko Ardi Moztaileen Txapelketa egingo delako lehenengoz. Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak, gainera, Nazioarteko Ardi Moztaileen Txapelketa ere antolatu du lehiaketa horren barruan. Guztira, 80 moztaile arituko dira txapelketan; euretatik 36 Euskal Herrikoak dira eta lau eskualdekoak: Zorion Abendibar eta Aritz Abendibar mallabitarrak, eta Julen Izurza eta Joseba Ugalde zornotzarrak. Euskal Herriko moztaileez gainera, nazioartekoak ere arituko dira: Kataluniakoak, Eskoziakoak, Irlandakoak, Galeskoak, Ingalaterrakoak, Espainiakoak, Frantziakoak, Kolonbiakoak, Alemaniakoak, Norvegiakoak eta Uruguaikoak. 80 moztaile horiek Euskal Herri osotik ekarritako ardiei moztuko diete ilea.
"Ilusio handiagaz eta gogotsu gaude, Euskal Herrian lehenengoz egingo da-eta dimentsio honetako ardi moztaileen txapelketa bat. Mimo handiz prestatu dugu. Egun osoko egitaraua izango da, lagun artean zein familian gozatzekoa. Ederra izango da", azaldu dute antolatzaileek.
Egun osoko egitaraua
Euskal Ardi Moztaileen Elkarteak egun osoko egitaraua antolatu du zapaturako. Goizean, 08:30etik 13:30era, kanporaketak jokatuko dituzte. Arratsaldean, 15:00etan hasita, finalerdiak eta finalak jokatuko dituzte.
Horrez gainera, egun osoan zehar ardi eta artile produktuen artisau azoka egongo da probalekuaren kanpoko aldean. Eta probalekuaren atzeko aldean, Herbehereetako Veno enpresak Te Pare Racewell manga modernoaren erakustaldia egingo du.