Hile hasieran salatutako "lapurreta gogorraren" eta haren osteko elkartasun uholdearen ondoren, Amaraun Arte Fabrika normaltasunera bueltatuko da asteburu honetan, hau da, zuzeneko musika eskaintzera. Unidad Alavesa taldeak kontzertua emango du domekan, irailak 21, 13:30ean. Urte hasieran ere kontzertua jotzekotan ziren gipuzkoarrak, baina bertan behera utzi behar izan zuten, osasun arazoengaitik. Horrela, iaz kaleratu zuten Motoki, zakurreki, egurreki azken diskoko abestiak zuzenean aurkezteko biragaz jarraitu eta eskualdeko zaleekin zorra kitatu ahal izango dute.
Urtea amaitu arteko kontzertu sorta iragarri du oraintsu Amaraun kulturguneak. Ohikoa den moduan, askotariko eskaintza egongo da. Alde batetik, Durangaldeko hainbat taldek joko dituzte kontzertuak. Irailaren 25ean SYO talde berriztarrak, 19:30ean; ondoren, Lionels (urriak 30) eta Moonshakers (abenduak 18) taldeak etorriko dira; Niña Coyote eta Chico Tornado bikotearen doinu desertikoez eta Willis Drummondeko Ekiza musikariaren alde intimoaz ere gozatu ahal izango da, urriaren 5ean eta 9an, hurrenez hurren. Marell talde frantziarraren eta Jason's Clandestined talde japoniarraren bisita ere jasoko dute hileotan. Amaraun Elektronikoaren hamargarren edizioa egingo dute.