Iazko aurrekontu parte hartzaileetan erabakitakoari jarraituz, Abadiñoko hainbat eremutako argiztapena hobetzen dabiltza. "Puntu ilunak ekiditeko eta segurtasuna areagotzeko asmoz instalatu ditugu farola hauek. Era berean, lehentasuna eman diogu energia kontsumoa zein karbono aztarna murrizteari", azaldu dute Abadiñoko Udaletik.
Muntsaratzeko, Zelaietako eta Traña-Matienako hainbat kaletan jarri dituzte LED argi berriak. Lan horietarako 130.000 euroko inbertsioa egin dute. Finantzazioari dagokionean, aurrekontu parte hartzaileetan proiektu honi bideratutako diruaz gain, udalak 64.000 euroko dirulaguntza jaso du Bizkaiko Foru Aldunditik.
"Plangintza baten baitan, udalerri osoko argiztapena hobetzea da udalaren asmoa epe ertainera begira, herritarren segurtasuna hobetuz eta eraginkortasun energetikoa lortuz", adierazi dute.