"Metalaren kultura berpiztea da gure asmoa"

Aritz Maldonado 2025ko ira. 15a, 09:25

Ediziorik edizio bizi dira Sugaar musika taldeko kideak. Horrela, aurtengorako eguntxo batzuk falta direnean (irailak 20), solte geratu diren kontuak fintzen dabiltza antolatzaileak. Hala ere, bosgarrena izango den hurrengorako ideia sorta bat dutela buruan onartu dute Miguel Ángel Rodriguezek eta Oier Albizuk.

Gogotsu zaudete laugarren edizio honetarako?
Miguel Ángel Rodríguez: Urtebetean prestatzen egon eta gero, eta sartu ditugun ordu guztiak sartu eta gero, bai, prest gaude; azken orduko urduritasun puntu hori dugu, baina gogotsu gaude. Eguna heltzeko zain gaude, jendea gozatzen ikusteko, ze, azken finean, horretarako egiten dugu hau, festa bat izateko, dena ondo irteteko, jendeak gozatzeko, eta, batez ere, metalaren kultura bultzatzeko. Aspalditik datorren kultura da Euskadin, baina badirudi denboragaz galdu egin dela apur bat. Metalaren kultura inguru honetan berpiztea da gure asmoa. 

Egun biko jaialdia izatetik egun bakarrekoa izatera bueltatu da. Horrez gainera, irailera aldatu duzue data. Zergaitik?
Oier Albizu: Hainbat arrazoi dago. Garrantzitsuena, ekainean, aurreko edizioak egin diren garaian, beste musika jaialdi askogaz lehiatu behar genuela, bai genero berdinekoekin, baita beste batzuetakoekin ere. Handien aurka lehiatzea oso gatxa da, eta gu jakitun gara jaialdi txikia garela; horrek bere desabantailak eta abantailak ditu. Iaz, adibidez, Azkena Rock jaialdia gure asteburu berean izan zen, eta antzeko datetan egin ziren Resurrection Fest, Rock Imperium eta Rock Fest; bestalde, metalzale modura ere, guk horietara joan gura genuen, eta, beraz, arrazoi bi horiek dira nagusiak: besteekin ez lehiatzea eta haietara joateko gogoa. Uste dugu badagoela tokia denontzat, eta data aldatzea erabaki genuen. Gure ustez, irailaren 20a data egokia da. Eguraldi ona egiten du oraindino eta ez dago hainbeste eskaintza. Egun bitik batera igarotzeko erabakia horren ondorio da. Egun bi askotxo zen, ekonomikoki ere murrizketak izan ditugulako. Egun bakarra izan arren, goizetik hasiko dugu eguna, eta zortzi talde igaroko dira taula gainetik. Egun bakar hori indartzea bilatu dugu. 
M. A. R.: Ekonomikoki murrizketak egon diren arren, ez dugu gura horrek kalitatean eragitea. Beti ahalegintzen gara inguru hauetan ikusten ez diren taldeak erakartzen, sarritan kanpotik, eta aurtengo kasuan, adibidez, Ehun Kilo ekarriko dugu. Orain urte bi Primal Fear taldea ekarri genuen, eta iaz Metalium, zazpi urtean jo barik zegoen taldea. Uste dut oreka bat lortu dugula eta jaialdi ona prestatu dugula. 

Kartela askotariko taldeek osatzen dute.
M. A. R.: Ez dugu genero, talde edo eremu konkretu batera mugatu gura. Antolakuntzan hiru lagun gaude gaur egun, eta oso gatxa da hiruroi gustatzen zaigun zeozer ekartzea. Publikoa dugu buruan zer ekarri erabakitzerakoan. Gugaitik balitz, estilo aldetik itxiagoa izango litzateke, baina zabaltzea gura dugu. Euskaraz abesten duten taldeak ekartzen ere ahalegintzen gara. 
O. A.: Estilo aldetik ere egiten dugu ahalegina. Oraingoan hard rockak, heavy metal klasikoak eta death metal melodikoak izango du lekua. Metalaren barruan ere doinu desberdinak daude eta bat bakarra ez aukeratzen ahalegintzen gara. 
M. A. R.: Zuzeneko ona duten taldeak kontratatzen ere ahalegintzen gara. Aurrelan bat egiten dugu horretarako. Kontua ez da publikoak berak animatzea eta hauspotzea taldeak. Jaialdi batean alderantziz izan behar du eta zuzeneko ona duten taldeak ekartzea lehenesten dugu Koban.  

Murrizketa ekonomikoak aipatu dituzue. Eta doakoa izatetik ordainpekoa izatera igaro zen jaialdia. Murrizketengaitik izan da?
O. A.: Aurreko urteetan diru laguntzak jaso ditugu. Batzuetan, Abadiñoko Udalaren kasuan legez, urtero, baina beste batzuen partetik ez. Foru Aldundiak, adibidez, lehenengo urte bietan eman zigun diru laguntza. Bestalde, Sugaar musika elkartea irabazi asmorik bako elkartea da eta hiru kidek osatzen dugu. Inguruan laguntzen digun jende asko dugun arren, batez ere jaialdiaren egunetan, urte osoan zehar hiru kide baino ez gaude. Gainera, hasieratik gure poltsikotik ipini behar izan dugu dirua, eta oraindino ere ipintzen dugu. 
M. A. R.: Urterik urte diru gehiago ipintzen joan gara eta egunen batean jaialdi autosufiziente bat izatera heltzea gustatuko litzaiguke. Horregaitik mugatu behar izan dugu gastua zeozertxo. Ez dugu gura horrek jaialdiaren eta taldeen maila kaltetzea. Jaialdia hobetzen joan gara urterik urte. Kontrakoa gure printzipioen kontra joango litzateke.
O. A.: Doako jaialdia egitea gura genuke, baina tamaina honetako jaialdien gastuak oso handiak dira eta ezin duzu eguraldiaren menpe utzi. Horregaitik erabaki genuen jaialdiaren sarrera ordainpekoa izatea. Horrez gainera, jarraitzaileak fidelizatzeko ere egin dugu. Jendeak konpromisoa hartzen du horrela, euria egin zein beroa egin. Uste dut, gainera, sarrera ondo dagoela prezio aldetik. Jendeak ulertu behar du horrelako ekimen bat ezin dela doan egin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!