Abadiñoko tiralariak zaku bete dominarekin itzuli dira Munduko Sokatira Txapelketatik

Joseba Derteano 2025ko ira. 11a, 15:58

Maui Mandaluniz, Martxel Azkorbebeitia, Irati Abarrategi eta Olatz Abarrategi 23 urtez azpiko talde mistoagaz irabazitako dominarekin.

Goiherri eta Gaztedi taldeekin eta Euskal Selekzioarekin aritu dira.

Joan zen aste osoan lur gaineko Munduko Sokatira Txapelketa lehiatu zuten Ingalaterrako Nottingham herrian. Abadiño Sokatira Taldeko hainbat tiralari hantxe aritu ziren beste talde batzuekin. Olatz Abarrategi, Irati Abarrategi, Amaiur Uriarte, Martxel Azkorbebeitia, Maui Mandaluniz, Asisko Arruabarrena eta Xabier Irazola Erandioko Goiherri taldearekin ibili ziren; Julen Ardanzak, berriz, Laukizko Gaztedirekin parte hartu zuen. Horrez gainera, Euskal Selekzioarekin ere aritu ziren.

Denen artean saku bete domina irabazi zituzten. Goiherri taldeak zilarrezko dominak irabazi zituen gizonen 560 kilora artekoan eta emakumeen 23 urtez azpikoan. 23 urtez azpiko talde mistoagaz brontzezko domina eskuratu zuten. Gaztedik urrea lortu zuen gizonen 560 kilora artekoan eta brontzea emakumeen 540 kilora artekoan.

Hori gutxi balitz, Euskal Selekzioarekin domina gehiago heldu ziren: urrea, gizonen 600 kilotan; zilarra, 560 kilotan, eta, brontzea 23 urtez azpiko talde mistoagaz.

Eskualdeko tiralariak oso pozik daude lortutako emaitzekin eta bizitako esperientziarekin. "Udan asko entrenatu gara eta lan horrek guztiak munduko txapelketan bere fruituak eman dituela ikustea oso pozgarria da", adierazi du Martxel Azkorbebeitiak. Abadiño Sokatira Taldea datorren astean hasiko da aurtengo denboraldia prestatzeko entrenamenduekin.

Gizonen 560 kilora arteko taldea.

Julen Ardanza tiraldi batean.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!