Egoitz Amantegi abadiñarra munduko azpitxapeldun Wallball modalitatean

Joseba Derteano 2025ko ira. 5a, 08:30

Egoitz Amantegi —goian, ezkerretik hasita bigarrena— euskal selekzioko kideekin. (Argazkia: Instagram, Abadiñoko Udala)

Herbeheretan munduko txapelketa lehiatu du euskal selekzioak.

Ofizialtasuna oraintsu lortu duen Euskal Pilota Selekzioak emaitza bikainak lortu ditu Leeuwarden-en (Herbehereak) lehiatu den Munduko Wallball Txapelketan. Urrezko lau domina eta zilarrezko hiru irabazi ditu. Zilarrezko domina irabazi dutenen artean Egoitz Amantegi abadiñarra dago.

Joan zen asteburuan lehiatu zen txapelketa. Amantegi ligaxkan eta kanporaketetan sekulako maila emanda sailkatu zen finalera. Finalean Mikel Beldarrain izan zuen aurrez aurre, euskal selekzioko taldekidea, eta ezin izan zuen menderatu: 21-10 / 21-19. Horrela, zilarrezko domina jantzi zuen pilotari abadiñarrak. Lortutako emaitzagaz "oso gustura" dagoela adierazi du abadiñarrak. "Hiru pilotari joan behar ziren munduko txapelketara. Azken momentuan laugarren bat sartu ahal izan zen eta neu joan nintzen. Beraz, ia ez jokatzetik buruz buru azpitxapedun geratzea itzela da eta oso pozik nago". 

Egunotan Belgikan, juniorren hautatzaile

Egunotan Belgikako Ath herrian dago Amantegi. Junior mailako euskal selekzioa Europako txapelketa lehiatzen ari da bertan. 15, 17 eta 19 urtez azpiko gazteak hiru modalitatean dabiltza eta Amantegi One Wall-eko hautatzailea da. Atzo hiru urre eta hiru zilar irabazi zituzten modalitate honetan. Domeka iluntzean itzuliko dira Euskal Herrira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!