"Bizikletan ibiltzearen plazerari gure aberria batzea sentsazio polita da"

Joseba Derteano 2025ko ira. 6a, 10:30

Gorka Marzan Altubek (Abadiño, 1975) beretzat berezia izan den erronka bat egiteko erabili ditu udako oporretako egun batzuk. Lau etapatan banatuta, Euskal Herriari itzulia eman dio, zazpi probintzien perimetroko bideetatik. Marzanek 43 ordu eta 43 minutu behar izan ditu ibilbideko 1.060 kilometroak egiteko. Azkenean, Euskal Herriaren irudia osatzea lortu du Strava aplikazioan. Horretxek eman dio pozik handiena. 

 

Zelan sortu zitzaizun ideia?
Mallorca 312 Iraupen Luzeko proban ibili naiz urte askoan, erratz-lanetan, Getxoko beste lagun batzuekin batera, eta proba horretan Mallorcari itzulia ematen zaio kanpoaldetik. Gero, pandemia sasoian, ez zen egin martxarik edo antzerakorik, eta Euskal Herriari kanpoaldetik itzulia ematea okurritu zitzaien Getxoko lagunei, Mallorcan egiten den antzera. Eguen batean irten ziren, baina hurrengo egunean lan egin behar nuenez, ez nintzen joan. Hala ere, zapatu goizean bidera irten nien, Arabar-Errioxako herri baten inguruan. Handik Getxora zihoazen, itzulia amaitzeko, eta eurekin joan nintzen. Amaitu zutenean, egindako ibilbidearen profila ikusi nuen Strava aplikazioan, Euskal Herriaren irudia. Oso polita iruditu zitzaidan. Harrezkero, marmar hori nerabilen buruan. Aurten animatu naiz. 50 urte egin ditut eta ospatzeko modu polita zela pentsatu nuen. 

Erronka berezia izan da zuretzat.
Bai, Euskal Herria maite dudalako. Kirol erronka bat baino gehiago izan da. Bizikletan ibiltzearen plazerari gure aberria batzea sentsazio polita da. Kanpoan bizi den lagun min bat bisitan datorrenean ematen diozun besarkadaren antzerakoa da. Mila kilometro horiek beste toki batera joateko balira, ez lidakete berdin balioko. Etxera heldu nintzenean sentibera nengoen, eta oso pozik.

Logistika aldetik zelan moldatu zara?
Ondo moldatu naiz. Getxoko lagunek utzitako trackak erabili ditut. Haiek iraupen luzeko probak egitera ohituta daude eta hiru egunean ia geratu barik aritu ziren, aldiro pare bat ordu lo eginda. Ni ez nindoan miseriarik pasatzera. Beraz, lau egunean egin nuen, etapa bakoitzaren amaieran lo egiteko etxea hartuta. Gozatu egin gura nuen. Normalean, goizaldeko bostetan jaikitzen nintzen eta arratsaldeko seiak ingururako etxean nengoen. Bidean jatera geratzen nintzen, eta neure denbora hartzen nuen, presarik barik. Tabernan zeudenekin berbetan geratzen nintzen. Batzuek nondik nentorren galdetzen zidaten. Esaterako, Mauleko bati ibilbidea Abadiñon hasi nuela esaten banion, harrituta geratzen zen, jakina.

Fisikoki ondo heldu zara?
Bai. Ohituta nago takada batean kilometro asko egitera, eta banuen konfiantza. Aipatu dudan moduan, Mallorca 312 probak 300 kilometrotik gora ditu eta askotan egin dut. Gainera, nire filosofia hau izan da: "Beti ahalik eta erosoen joatea". Berdin zidan zenbat denboratan egin. Helburu bakarra heltzea zen. 

Zein izan da igo duzun mendaterik gogorrena?
Izarbe. Atzeko aldetik 13 kilometro ditu eta pendizen portzentajea ez da % 10etik jaisten. Baina, horrela planifikatuta, etapa baten hasieran egin nuen, eta 60. kilometrorako tontorrean nengoen. Beraz, eramangarriagoa izan zen. 

Toki berri asko ezagutuko zenuen. Zein zonalde edo toki gustatu zaizu bereziki?
Izarbe bera. Igo nuen aldetik ez nuen ezagutzen, eta gustatu zitzaidan. Gero, Arabar-Errioxa hemendik urrun geratzen zait bizikletan irteten naizenean, eta haraino beheraino ailegatu barik nengoen. Tutera ingurua eta hango lautadak ere politak iruditu zitzaizkidan. Egia esanda, bere osotasunean hartuta oso esperientzia polita izan da eta kilometro guztietan gozatu dut. 

Hau ez da Euskal Herria oinarri hartuta egin duzun lehenengo erronka.
Ez, 2018an Euskal Herriko zazpi hiriburuak batu nituen, Oskar Markinezegaz eta Zigor Zuburrutigaz. Orduan hirurok ibili ginen. 27 ordu behar izan genituen. Hura ere esperientzia polita izan zen.

Zein izan da zure lehenengo proba luzea?
Orain hamar bat urte izan zen, 2015ean. Alabak urte eta erdi zuenean, meningitis gaixotasuna izan zuen. Banekien abadiñar batzuk 24 orduz Miotari bueltak ematen arituak zirela eta neure buruari promesa bat egin nion: "Alaba gaixotasunetik ondo irteten bada, erronka horixe egingo dut". Alaba osatu eta denbora batera, gustu handiz ibili nintzen 24 orduz jarraian Miotako itzuliak egiten. 

Zein izango da hurrengo erronka?
Ez dakit. Hamaika ideia dut buruan, baina denbora behar da! Lehengo batean, lagun batek esan zidan Bilbotik Algecirasera joan zirela, eta dagoeneko begiratu dut tracka. Donejakue bidea ere egin gura nuke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!