Irailaren 8an hasiko da Abadiñoko erosketa bonuen kanpaina, 50.000 eurogaz

Maialen Zuazubiskar 2025ko ira. 4a, 12:09

Edurne Maguregi eta Mikel Urrutia Merkatari Elkarteko kideegaz.

Irailaren 8tik urriaren 8ra bitartean erabili ahalko dira bonuak kanpainagaz bat egin duten komertzioetan. Bonuak datorren astelehenetik aurrera eskuratu daitezke udal bulegoetan, Mediatekan eta Errota Kultur Etxean. 

Datorren astelehenean hasiko da 34 komertzioren, iaz baino bost komertzio gehiago, babesa duen bonuen kanpaina. Beste urte batez, Abadiñoko Udalak 50.000 euro bideratuko ditu herriko merkataritzari bultzada bat emateko kanpaina honetara. Guztira, 5 euroko 10.000 bonu jarriko dituzte herritarren eskura, eta gutxienez, 7 euroko erosketetan erabili ahal izango dira. 

Gaur goizean emandako prentsaurrekoan Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak eta Edurne Maguregi alkarteordeak jakitera eman dutenez, kanpainak merkataritza-sarea indartzea, bezeroak dinamizatzea, eta udalerriko kolektibo zaurgarienei laguntzea du helburu. "Kanpaina honen bitartez, Abadiñok tokiko merkataritzarekin eta herritarrekin duen konpromisoa berresten du, hurbileko kontsumoa bultzatuz, establezimendu guztien parte-hartzea sustatuz eta udalerri bizi, dinamiko eta solidarioa mantentzen lagunduz. Hau udalaren eta Abadiñoko Merkatari Elkartearen arteko elkarlanaren emaitza da", adierazi du Maguregik. 

Aurten gainera, kanpainak berrikuntza nagusi bat izango du, aparteko 200 bonu berezi gordeko dira, Gizarte Ongizateko udal teknikariek kudeatuko dituztenak. Hauek egoera ekonomiko edo sozial zaurgarrian dauden pertsonentzat izango dira. “Ekimen honek gure merkataritza dinamizatzeaz gainera, bonuak esleitzeko sistemari esker, Abadiñon gehien behar duten herritarrei zuzeneko laguntza ematen die. Kanpaina honetatik harago, herriari bizia ematen dion tokiko merkataritza indartzeko, egunerokotasunean ere herriko establezimenduetan kontsumitzeko gonbidapena egin nahi diet herritarrei”, nabarmendu du Mikel Urrutia alkateak.

Aurreko urteetan lez, kanpainak lau kategoria izango ditu:  

  1. Langabezian dauden pertsonak: 3.000 bonu. 5 euroko 12 bonu pertsona bakoitzeko. 
  2. Urtean 16.000 euro gordin baino gutxiagoko diru sarrerak dituzten pentsiodunak: 2.600 bonu. 5 euroko 12 bonu pertsonako. 
  3. 65 urtetik gorakoak: 3.000 bonu. 5 euroko 4 bonu pertsonako.
  4. 18 eta 64 urte bitarteko herritarrak: 1.200 bonu. 5 euroko 2 bonu pertsonako.

Bestalde, establezimendu guztien arteko berdintasuna eusteko, saltoki bakoitzeko 1.500 bonuko muga egongo da. Muga hori gaindituz gero, saltokiek kartel informatibo bat jarriko dute, bonu gehiago ez dituztela adierazteko. 

Bonuak eskuratzeko herritarrek goizez zein arratsaldez lortu ahalko dituzte udal bulegoetan (udalean eta Traña-Matienako udal bulegoan), Mediatekan edo Errota Kultur Etxean. "Badakigu bonuak eskuratzeko egunetan ilarak sortzen direla, beraz, herritarrei pazientzia eskatu gura diegu", gehitu du Maguregik. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!