Paella lehiaketa, azoka eta musika Muntsaratzen

Maialen Zuazubiskar 2025ko ira. 5a, 10:30

Artxiboko irudia.

Udako oporren amaieragaz batera hemen daude, beste urte batez, Abadiñoko Muntsaratz auzoko jaiak. Hiru egunez jai giroa izango da nagusi bertan.

Gaur emango diete hasiera festei, irailak 5, 19:00etan, Donien Atxa jasota eta Talde Batuak dantza taldearen saioagaz. Horren ondoren, ugasio txapelketa egongo da, 19:30ean, eta 19:45ean bosgarren Lokaletik AT Fest hasiko da. Aurten, talde hauek igoko dira Muntsaratzeko oholtzara: Korroxion, Lionels, Sugoi, Alerta eta Orihen. 20:00etan Makro disko-jaia Sound 4 egongo da eta 20:30etik aurrera Eusko Labeldun hanburgesak jateko aukera izango dute Muntsaratzera bertaratzen direnek. 

Zapaturako egun osoko egitaraua antolatu dute. Puzgarriekin eta umeentzako tailerrekin emango diote hasiera egunari. 13:00etan herri kirolen txanda izango da. Bertan, Izadi Agirrek, Haritz Arangurenek, Malen Barrenetxeak eta Mikel Agirrek erakustaldia egingo dute. Ondoren, auzotarrentzat zitarik preziatuena den paella txapelketaren txanda izango da. Arratsaldean, J.M. Atlantidaren saioa, apar festa eta tortilla txapelketa egongo dira. Egunari amaiera emateko, 22:00etan Akerbeltz erromeria eta 01:00etan DJ Mo-ren saioa egongo dira.

Jaiak domekan amaituko dira, bigarren eskuko azokagaz, umeentzako tailerragaz eta familia ikuskizunagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!