Jakina da: inoizko bero-boladarik handiena Durangaldea eta Euskal Herria astintzen dabil egunotan, baita Europa osoa ere. Baso-suteek kinka larrian ipini dituzte, besteak beste, Grezia, Turkia, Portugal, Galizia, Gaztela-Leon (Espainia) eta Albania. Azken horretan, hiru abadiñar daude oporraldia igarotzen. Herrialdearen hegoaldean daude ostatu hartuta, Greziako mugatik gertu, eta ANBOTOri kontatu diotenez, gertu-gertutik igarri dituzte suteen eraginak: "Hona iritsi eta lehenengo egunean suteekin egin genuen topo. Ksamil herrian gaude, eta ondoko herrian dago suteen fokua, Sarandan. Egunak daramatzagu hemengo zeruan keak sorturiko lainoa ikusten", kontatu du euretariko batek. "Herenegun, adibidez, Greziara joan ginen mendi ibilaldi bat egitera. Hara joateko hamabost bat kilometro egin genituen autoz, bezperan suak erretako basoetan zehar. Ez genuen poliziarik edo inguru hartan ez barneratzeko abisurik ikusi. Eta halako batean, jada amatatutako garren kea ikusi genuen basoko hainbat lekutan". Hiru lagunak "arduratuta" bezainbeste "harrituta" bueltatu ziren ostatura.
Datozen egunetan bisitatu gura duten naturguneetako bat Syri i kaltër da, Begi urdina legez ezagutzen dena, orain arte, suteen ondorioz, ez dute-eta bisitatzeko aukerarik izan: "Suak naturgunearen zati bat erre du. Domekan ahaleginduko gara bertara joaten. Aurrekoan 500 turista atera zituzten handik, eta hil egin zen bat", gaineratu du abadiñarretako batek.
Albaniako Gurutze Gorriak jakinarazi duenez, herrialdea "egoera larrian" dago. "Sugarrek bizitokiak zein baso eta nekazal eremuak suntsitu dituzte, eta arrisku larrian ipini dituzte herritarrak. Gainera, kalte material ugari daude". Albaniako gobernuak neurri ugari hartu behar izan du suteak amatatu eta herritarrak babesteko.
Koska bat gehiago
Euskal Herrian, orain arte, Zarrakaztelun izan dira suteak (Nafarroa), baita Arabako Bastidan ere, Errioxako lurretan isiotutako garrak Ebrotik gora igaro ziren-eta herenegun.
Tenperaturei dagokienez, Euskalmetek jakinarazi du termometroak koska bat gehiago egingo duela gora, gaur. Maximoak 40 graduraino igo daitezke Bizkaiko barnealdean. Kostaldean apur bat gutxiago igoko den arren (35 gradu), "bero zakarra" egingo duela iragarri dute.