Abadiñoko Udalak Muntsaratzen 70 aparkaleku berri egiteko lanak amaitu ditu. Lan horien bitartez, aparkalekuen problematikari konponbidea eman gura diotela jakitera eman du udalak. "Udalerriko mugikortasuna eta aparkalekuen arazoa dira udal taldearen lehentasunetako batzuk. Bide horretan, hobekuntzak egiten ari gara Traña-Matienan, Zelaietan eta Muntsaratzen. Apurka-apurka bagoaz gure herrian mugikortasuna hobetzen, irisgarriagoa eta seguruago egiten", adierazi du Mikel Urrutia alkateak.
Plaza kopururik handiena Arlozabal, Amandresolo eta Olalde kaleetan jarri dira. Izan ere, aparkatzea errazteko eta segurtasuna hobetzeko, kale horiek ibilgailuentzako norabide bakarrekoak bihurtu dituzte.