Martxan da Atxarteko harrobiak birnaturalizatzeko prozesua

Maialen Zuazubiskar 2025ko eka. 18a, 13:59

Abadiñoko Udalak eta EHUko Ekopol ikerketa taldeak ipini dute martxan prozesua. Eguaztenean berbaldia egingo dute Txanportan, 19:00etan.

Abadiñoko Udalak eta EHUko Ekopol ikerketa taldeak 1996az geroztik etenda dauden Atxarteko harrobiak berreskuratzeko prozesuari ekin diote. "Sasoi hartako gobernu taldeak ingurunea berreskuratzeko eskatu behar zion harrobia enpresa ustiatzaileari, derrigortu egin behar zuten, baina ez zuten hori egin. Konpetentzia udalarena da eta badakigun arren kostua udalak asumitu dezakeen baino handiagoa dela, EHUgaz batera hasiko dugu prozesu hau", azaldu du Mikel Urrutia Abadiñoko alkateak. Udalak 40.000 euro erabiliko ditu prozesu honetarako, eta baita beharrezko azpiegitura ere. “Udalaren eta EHUren arteko lan-hitzarmen honekin, urrats garrantzitsua egiten ari gara balio natural eta sinboliko handia duen ingurune bat berreskuratzeko. Herritarren parte-hartzea sustatzen duen lankidetza- eta gardentasun-eredu baten alde egingo dugu”, gaineratu du Urrutiak.

Ikerketak urtebeteko iraupena izango du eta Ekopol taldeko 5 irakasle eta bekadun bi arduratuko dira. Bideragarritasun teknikoa, juridikoa eta ekonomikoa aztertuko dituzte eta Atxartera bertaratzen diren eskalatzaile eta mendizaleekin elkarlanean arituko direla esan dute. "Zulo industrial bi ditugu Atxarten, eta Durangaldeko leku izugarri polit hau birnaturalizatzea da gure asmoa", esan du Iñaki Barcena Ekopoleko kideak. Aurreproiektuak harrobian dauden egiturak sistematikoki inbentariatuko ditu, etorkizuneko erabileraren arabera birziklatu edo berrerabil daitezkeen aztertzeko. Beharrezkoak ez direnak modu jasangarrian kenduko edo kudeatuko dituzte.

Lehenengo pausoa eguaztenean emango dute, ekainak 25, mahai-inguru bat eginda Txanporta kultur etxean, 19:00etan. Peio Lozano eta Laura Damas geologoek eta Juan Carlos Lopez arkeologoa egongo dira bertan. Mahai ingurua aurkezten Unzalu Salterain zinegotzia egongo da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!