Lagunkoitasunari buruzko diagnostikoa aurkeztuko dute Abadiñon

Anboto 2025ko eka. 17a, 13:57

Errota Kultur Etxea

Abadiño Lagunkoia taldeak lagunkoitasunari buruzko diagnostiko parte-hartzailea aurkeztuko du eguenean, 18:00etan, Errota Kultur Etxean. 

Ohar bidez azaldu dutenez, Abadiño Lagunkoia 2016ko urritik ari da herrian proiektu hau garatzen eta ekimena Osasunaren Mundu Erakundeak bultzatutako nazioarteko proiektuaren parte da, eta udalerriak adinekoekin lagunkoiak izatea da helburua. Era berean, udal gobernu taldearen, Gizarte Ongizate batzordearen eta Marka enpresaren laguntza ere jasotzen dute. 

2024ko irailean amaitu zuten 2018an hasitako lehen ekintza-plana ontzen, eta, ordutik, prozesu parte-hartzaile bat eraman dute aurrera: aurreko edizioko dokumentuak berrikusi dira, inkestak egin dira, auzoz auzoko bilerak eta funtsezko kolektiboekin topaketak (zaintzaileak, merkatariak, adinekoekin lan egiten duten profesionalak...). Zortzi hilabeteko lanaren emaitza eguenean aurkeztuko dute. 

“Abadiño lagunkoiago baten aldeko konpromisoa pertsona guztientzako bizitza hobe baten aldeko konpromisoa da, batez ere, gure komunitateari esperientzia eta jakinduria gehien eskaintzen diotenen alde. Bihotzez eskertu nahi dut Abadiño Lagunkoia taldearen eta prozesu honetan parte hartu duten pertsona guztien lana. Gizarte Ongizateko sailetik bide hau lantzen jarraituko dugu, herritarrak entzunez arduraz eta elkarlanean”, adierazi du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!