Oihana Azkorbebeitia podiumaren atarian Monte Rosa Skymarathon lasterketan, Italian

Anboto 2025ko eka. 14a, 18:17

Oihana Azkorbebeitia eta Laura Sola helmugan. (Argazkia: David Arretxe)

Lasterketa bikoteka lehiatzen da eta korrikalari abadiñarrak Laura Sola nafarragaz batera parte hartu du. Zazpi ordu eta erdi eskasean osatu dute ibilbidea eta 52 segundogaitik ez dute zapaldu podiuma.

Monte Rosa Skymarathon Europan altuerarik handienean lehiatzen den mendi lasterketa da, Italia eta Suitza arteko mugan, Alpeetan. Italiako Alagna Valsesia herrian (1.154 m) hasten da eta Capanna Marguerita mendi-aterpea da punturik gorena (4.554 m). Guztira, 33,9 kilometroko ibilbidea da, 7.000 metroko desnibel metatua duena, mendi korrikalariek harri eta glaziar artean sokaz lotuta egin beharrekoa, binaka.

Euskalmushing taldeko Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak lehenengoz parte hartu du bertan, Laura Sola lagun uztarroztarragaz batera, eta laugarren tokian helmugaratu dira nesketan. Euren denbora, 7.26.16. Lina eta Sanna El Kott ahizpa suediarrek irabazi dute proba (6.17.03), alde handiagaz. Ilaria Veronese eta Mara Martini italiarrak sailkatu dira bigarren (6.44.48), eta Lane Margaret estatubatuarrak eta Glaus Julia suitzarrak osaturiko bikotea geratu da hirugarren (7.25.24). Beraz, bikote euskaldunak hur-hurran izan du podiuma, 52 segundora. Roberto Delorenzi suitzarrak eta William Boffelli italiarrak irabazi dute proba mutiletan (4.30.09).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!