'Abañoko kantariak' adinekoen abesbatza berria zapatuan aurkeztuko dute

Anboto 2025ko eka. 11a, 11:06

'Abañoko Kantariak' abesbatzaren aurkezpen ekitaldia ekainaren 14an 12:00etan izango da Errota Kultur Etxean. Abadiñoko adinekoen abesbatza berria, udalaren gizarte ongizateko sailaren bultzadagaz jarri da martxan.  Udalak ahots tailerra sortu zuen, eta horrek abesbatzaren sorrera ekarri du.

Saioa Bañales Piris zuzendariaren gidaritzapean hogei bat lagun elkartu eta ilusioz eta konpromisoz abesbatza sortu dute. Ohar bidez azaldu dutenez, kantu-saioetan arnasketari, erritmoari eta afinaziori buruzko hainbat teknika ikasi dituzten, baina, batez ere, elkartasun, gozamen eta ikaskuntza esperientzia partekatu bat bizi izan dute. 

“Bereziki hunkitzen nau ikusteak nola tailer bat bihurtu den gune bat non elkartu, ikasi eta sortu. Prozesu honetan ipini dituen lana eta sensibilitatea eskertu nahi dizkiot Saioari, eta parte-hartzaile guztiei, ahotsa eta bihotza jarri diotelako honezkero herri osoarena den abesbatza honi”, adierazi du Edurne Maguregi Gizarte Ongizateko zinegotziak.

Abadiñoko Udalak herritar guztiei aurkezpena joateko gonbita luzatu die: "Abeslari talde bat izateaz gainera, proiektuak ahots kolektibo bat, poza, indarra eta parte-hartzea sustatzen ditu". Aurkezpenerako gonbidapenak doan eskuratu daitezke Errota Kultur Etxean eta Mediatekan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!