Psikologo profesionalen eskutik, bi berbaldi eskainiko dituzte herrian: antsietateari buruzkoa izango da bata, eta nerabezaroan laguntza emozionala emateari buruzkoa bestea.
Juanan Tejero Maesok eskainiko du lehenengo saioa, astelehenean, ekainaren 2an,
18:00etan, Errota Kultur Etxean: Aurkitu zure oreka: Eguneroko bizitzako antsietatearen maneiua. Eguenean, ekainaren 5ean, izango da bigarren saioa, 18:00etan, Errota Kultur Etxean. Maite Sanchez Palaciosek gidatuko du, eta nerabeen mundu emozionala ulertzeko eta laguntzeko gakoak emango dira.
Edurne Maguregi Abadiñoko Udaleko Gizarte Ongizateko zinegotziak azpimarratu du ezinbestekoa dela buru-osasuna zaintzea: “Osasun mentalaren inguruan estigma handia dago oraindik, eta horiek apurtzeko lanean ari da Udala. Funtsezkoa da gure
emozioei buruz hitz egiteko espazioak sortzea, arreta profesionala bermatzea eta
harreman osasuntsuak eraikitzea”.
Ildo horretan, Maguregik gogorarazi du Psikologia Kalean jardunaldietan parte hartzeaz gainera, Psikobonoak programa ere martxan dagoela. 15.000 euroko partida du ekimenak, eta, horri esker, arreta psikologikorako bonoak eskaintzen dituzte, prezio murriztuan: “250 bono jarri ditugu herritarren eskura, guztiek izan dezaten arreta profesionala jasotzeko aukera. Izan ere, gure osasun mentala zaintzea gure bizitzak zaintzea da”. Horrez gainera, azpimarratu du zahartze aktiboari eta ongizateari buruzko lau hitzaldi ere egin direla Psikologia Elkargoarekin lankidetzan: “Saio horietan, nahi gabeko bakardadea eta narriadura kognitiboa, zaintzaileen lana, sexualitatea helduaroan eta tratu txarren prebentzioa bezalako gaiak jorratu dira. Azken saio hori baino ez da falta zikloari amaiera emateko”.